Heriotzaz hitz egiteko espazioa iritsi da lehen urteurrenera

Uztarria.eus 2019ko abe. 2a, 17:07

Death Cafe saioek urtebete beteko dute abenduan, eta hori ospatzeko, saio berezi bat antolatu dute abenduaren 11rako. "Zerbait ezberdina" izango da, eta herritarrak animatu dituzte bertan parte hartzera. Ibilbidearen "oso balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek.

Death Cafe tertuliak lehen urteurrenera iritsi dira. Hain zuzen ere, iazko abenduaren 19an egin zuten lehen saioa, eta hori ospatzeko, datorren abenduaren 11n, asteazkena, saio berezi bat egingo dute. "Zerbait ezberdina" izango dela azaldu du Manex Beristainek; hura da antolatzaileetako bat, Iñaki Arregi Izanekin batera. "Ez dugu festa edo ikuskizun bat egingo. Ariketa pertsonal bat planteatuko dugu, norberarentzat lagungarria izango dena. Musikarik ere ez da faltako, eta betiko hitz egiteko espazioa ere eskainiko dugu".

Egitasmoaren lehen urteak eman duena eta Death Caferen mugimenduak hartu duen oihartzuna; bi gauza horiek, behintzat, badituzte ospatzeko. "Azkoitian, Zumaian, Zarautzen, Eibarren eta beste hainbat lekutan hasi dira antzeko tertuliak egiten, eta agian, Azpeitiko saioek izan dute horretan eragina", esan du Beristainek. Hark ez zuen inondik inora espero urtebeteko ibilia egingo zuenik beraien proposamenak: "Ez genuen espero. Momentu hartan proiektua martxan jarri genuen hala behar zuela sentitzen genuelako". Dena den, argi gelditu da solasaldiek funtzionatzen dutela: "Konturatu gara behar ikaragarria dagoela heriotzaz hitz egiteko. Era berean, ohartu gara heriotzaz hitz egiten ari garenean, bizitzaz hitz egiten ari garela. Orain arte, non hitz egin dugu bizitzaz? Tabernetan, eta beti modu superfizialean, biluztu gabe. Kasu honetan, espazio bat eskaintzen dugu, inor epaituko ez dena eta jendeak entzungo zaituena".

Beristainen arabera, kafearen bueltako tertulien "oso balorazio positiboa" egin dute. "Oso erraz joan da dena. Maitasun pila bat jarri dugu prozesu osoan, eta hori nabaritu egiten da: kartelak edo bizkotxoak egiterakoan...". Gainera, saio bakoitzeko jende berria animatu da, eta hori "pozgarria" iruditzen zaio Beristaini. "Sorpresa handia hartu dugu, gazte jende dezente animatu da, eta gainera, jende askok esan ditu beste inon ez duela inorekin elkarbanatu Death Cafe saioetan partekatu duena. Jendea irten izan da saioetatik sekulako bizitzeko indarrarekin, motxila bat kenduta gainetik, barruko bake horrekin. Eta egia da, bizia ematen digute saio hauek, bizitzeko grina, indarra, ilusioa, eta horrekin ja, helburu denak beteta daude".

Eta heriotzaz hitz egitea, ezinbestean tristuratik egin behar ez den gauza bat dela nabarmendu du. "Heriotzaz hitz egiten dugu negarretik, baina batez ere, umoretik. Umore ikaragarria egoten da saioetan. Barre pila bat egiten dugu. Eta norbaitek esango du: 'Nola barre egiten duzuela?' Ba bai, egiten dugu".

Beste urtebete bai?

Beristaini iruditzen zaio, modu batera edo bestera, egon egin behar duela heriotzaz hitz egiteko espazio batek etorkizunean ere. "Saioek ez lukete nire edo Izanen gogoaren, indarraren nahiz ilusioaren menpe egon behar. Ez dakit hemendik urtebetera zer forma izango duen egitasmoak edo zeren babesean egongo den. Baina uste dut heriotzaz hitz egiteko espazioa egongo dela, beharrezkoa delako".

Saioetan parte hartzera animatu direnei eskerrak eman dizkie Beristainek. "Haiei esker existitzen dute saioek. Jendeak ematen dio egitasmoari daukan magia hori". Eta oraindik "arantzarekin daudenak" parte hartzera animatu ditu hark. "Ez da derrigorra saioetan hitz egitea, entzuteko jarrera izateak soilik asko ematen du".

Beste saioetan bezala, urteurreneko tertulian parte hartu nahi dutenek ere izena eman behar dute aurrez, 627 11 78 19 telefonora (Izan) deituta.