Lagun Onak futbol klubak 75. urteurreneko liburua aurkeztuko du bihar

Uztarria.eus 2019ko aza. 27a, 11:04
Lagun Onaken 75. urteurreneko liburuaren azala.

Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrenaren harira, klubaren azken 25 urteotako ibilbidea jasotzen duen liburua kaleratu dute. Bihar aurkeztuko dute lana, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Irekia izango da ekitaldia.

Lagun Onak futbol taldeak 75 urte bete ditu aurten, eta horren harira, hainbat ekitaldi egiten ari da kluba azkenaldian. Gainera, azken 25 urteotako klubaren ibilbidea jasotzen duen liburua ondu dute, eta horren aurkezpena egingo dute bihar, osteguna, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Eregi komunikazioa eta euskara arduratu da liburua egiteaz, eta Kristina Fernandez kazetariak idatzi ditu testuak. Liburuaren idazlea, Lagun Onak futbol taldeko kideak nahiz udaleko ordezkariak izango dira biharko ekitaldian.

Liburu mardula da 75. urteurrenaren harira argitaratu dutena, eta Lagun Onaken historian garrantzia izan duten hainbat kontu jaso dute bertan: gizonen nahiz emakumeen talde nagusien ibilbidea, Lagun Onaketik goiko mailetara joan diren jokalari azpeitiarren bizipenak, zaleen abenturak, gaztetxoen hastapenak... Horren guztiaren inguruko xehetasunak emango dituzte biharko ekitaldian, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.