Indarkeria matxistak hildakoak gogoratu dituzte plazan Azaroaren 25eko ekitaldian

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 22:14

Eguerdian ikasleek egin bezala, elkarretaratze eta ekitaldi jendetsua egin dute arratsaldean plazan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren barruko azken hitzorduan. Basanderiek talde feministaren deiari erantzunez, adin guztietako emakumeek eta gizonek bat egin dute Azaroaren 25eko aldarriekin.

Lau aulki eta bakoitzaren gainean silueta beltzarekin osatutako irudiak jarri dituzte herriko feministek kioskoaren azpikaldean eta haien bueltan borobil zabala osatu dute plazara joandakoek. P,oesia irakurri dute aurrena, hiru neska lurrean zerraldo etzanda zirela indarkeria matxista jasandako emakumeen testigantzak irakurri dituzte ondoren, eta testigantza horiek jasota zeuden orriak erre dituzte jarraian, aulkien aurrean plazaren erdian jarria zuten ontzian. Ekitaldiaren azken txanpan, berriz, gaurko egunaren erroan dauden Patricia, Minerva eta Maria Teresa Mirabal ahizpa dominikarrak ekarri dituzte gogora, eta hariari tiraka, Euskal Herrian aurten indarkeria matxistak hildako lau emakumeengana eta indarkeria hori era batean edo bestean jasaten dutengana iritsi dira. Hainbat erakundek egiten duten feminismoaren erabilpena gaitzetsi, eta borroka feministaren garrantzia azpimarratu dute.