Juaristi ISBk Zilarrezko LEB Mailako Kopako finala jokatuko du Gironaren aurka

Uztarria.eus 2019ko aza. 25a, 17:44
Juaristi ISB taldea artxiboko irudi batean.

Zilarrezko LEB Ligako bi multzotako sailkapen buruek jokatuko dute Kopako finala abenduaren 28an, Azpeitiko kiroldegian. Juaristi ISBk denboraldiaren lehen zati ezin hobea egin du, eta finalean izango da. Zapatuan aise irabazi zuen Zornotzaren kontrako derbia, eta datorren asteburuan ere etxean jokatuko du denboraldiaren bigarren itzuliko lehen partida, Marbellaren aurka.

Zilarrezko LEB Ligako denboraldia iritsi da erdi bidera, eta 2019-2020 denboraldiaren lehen zati ezinhobea egin du Juaristi ISB taldeak. 11 partida jokatuta eta horietatik bederatzi irabazita, sailkapeneko lehen postuan da Azpeitiko eta Azkoitiko gizonen lehen taldea. Lorpen hori tarteko, Zilarrezko LEB Mailako Kopako finala jokatuko du ISBk, Basquet Girona taldearen kontra –Zilarrezko LEB Mailako bigarren multzoko sailkapen burua da–. Abenduaren 28an izango da norgehiagoka Azpeitiko kiroldegian, baina gaur-gaurkoz ez dute partidaren ordua zehaztu.

Zapatuan Zornotza taldearen kontra jokatutako derbia irabazita lortu zuen Juaristi ISBk Kopako finalerako txartela. Izan ere, Bizkaiko taldea 78 eta 63 hartu zuen mendean kiroldegian jokatutako partidan. Aise hasi zuen partida ISBk; lehen laurdena 23 eta 8 bukatu zen. Bigarren laurdenean gehiago izan zen Zornotza, markagailuan gerturatzea lortu baitzuen –39 eta 35 bukatu zen–, baina hirugarrenean berriz ere ISBk hartu zuen partidaren gidaritza; 62 eta 48 bukatu zen hirugarren laurdena. Neurketaren azken zatia nahikoa orekatua izan zen, baina etxeko taldeak aurretik zuen abantaila aski izan zuen norgehiagoka irabazteko. Partidako saskiratzaile onena ISBko Lowrance (32 puntu) izan zen, eta haren atzetik Zornotzako Borja Mendia (31 puntu).

Datorren astean hasiko da denboraldiko bigarren itzulia, eta ISBk etxean jokatuko du hurrengo partida ere. Hain zuzen ere, Marbella taldea izango du aurrez aurre igandean, abenduak 1, 18:00etan hasita, Azpeitiko kiroldegian.