Antzerki eskolen topaketak egiten ari dira Soreasun

Uztarria.eus 2019ko aza. 12a, 17:15

Euskal antzerkiaren XXXVII. topaketen barruan, egun hauetan gaztetxoen antzerki eskoletakoen topaketak egiten ari dira Soreasun. Saio horietan, eskoletakoak ari dira aktore, eta Azpeitiko eta inguruko herrietako eskoletako haurrak dira ikus-entzuleak. Atzo, astelehena hasi ziren haur eta gaztetxoen antzerki emanaldiak Beasaingo Andramendi Ikastolako taldeekin eta Kukuka antzerki eskolarekin. Gaur goizean, Amezketako Zumadi herri ikastetxekoen lana ikusteko aukera izan da, eta arratsaldean, berriz, Azpeitiko Udaleko Gazteria Saileko haur eta nerabeen antzerki taldekoek bi antzezlan eskaini dituzte: Hondamendia eta Urrutiko gizakiak.

Bihar, asteazkena, antzerki eskolakoen topaketetako azken eguna izango da; 11:00etan, Bermeoko (Bizkaia) Sagrado Corazon ikastetxekoen hiru antzezlan ikusteko aukera izango da, eta, 15:30etik aurrera, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko antzerki eskolakoen Ongi Etorri eta Etxepean sorpresa antzezlanak.