Izena eman daiteke giza baliabideen kudeaketaren inguruko ikastaroan

Uztarria.eus 2019ko aza. 13a, 09:40

Giza baliabideak. Erakundeetako pertsonen zuzendaritza ikastaroa izango da azaroaren 21ean eta 28an, Basazabal jauregian. Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak antolatu dituzte saioak, eta Jose Manuel Gilek gidatuko ditu horiek.

Giza baliabideen kudeaketaren inguruko ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, Giza baliabideak. Erakundeetako pertsonen zuzendaritza izenburupean. Bi ostegunetan izango dira saioak, azaroaren 21ean eta 28an, Basazabal jauregian. Antolatzaileen arabera, "tituludunek gai izan behar dute giza baliabideetako politikak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko ikuspegi estrategiko eta oso batetik, egoera bakoitzerako egokienak diren tresnak aukeratuz eta aplikatuz". Arlo horiek jorratuko dituzte ikastaroan, eta lan harremanei eragiten dien inguru juridikoa ere ezagutuko dute partaideek. Ikastaroa Jose Manuel Gilek gidatuko du; Psikologia Industrialean doktorea da Gil, eta Deustoko Unibertsitateko irakaslea azken 25 urteotan.

Interesatuek dagoeneko eman dezakete izena ikastaroan, eta horretarako hiru modu daude: Basazabaleko harrera gunera joatea, formazioabasazabal@azpeitia.eus helbidera idaztea edo 688 84 51 18 telefonora deitzea. Ikastaroaren prezioa 6,75 eurokoa izango da Azpeitian erroldatuta daudenentzat, eta 8,10 eurokoa gainerakoentzat. Ordainketa egin baino lehen, derrigorrezkoa izango da izena ematea.