Doinu goxoak Sanagustingo Arkupean, Raitx eta Flavio Banterla taldeen eskutik

Uztarria.eus 2019ko aza. 12a, 15:48

Raitx eta Flavio Banterla taldeen musikak hartu zuen joan den ostiralean Sanagustin kulturguneko Arkupea, 19:00etatik aurrera. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren sasoi honetako azken bi kontzertuak izan ziren talde horiek emandakoak, eta doinu goxoak izan ziren nagusi emanaldian.

Raitxek 2017ko martxoan hasi zuen ibilbidea musikari bezala, "une anarkiko pertsonaletan inprobisaturiko olerkiz beteriko koaderno batekin". Flavio Banterla, berriz, Gipuzkoan bizi den Italiako musikaria da. Bere bakarkako lehen diskoak Mystic Pop du izena, eta Mondosonoro aldizkariaren arabera, "pop-musika elementu elektronikoekin fusionatzen den abesti ameslarien estreinaldia da, non mistikoa eta harrapaezina den ateetara iristen den".

Alberto Belokik kontzertuetan hartutako irudiak dira honako hauek. Ikusi argazki guztiak, hemen.