Astelehenean hasiko dituzte Jubilatuen eta Pentsiodunen Asteko ekitaldiak

Uztarria.eus 2019ko aza. 15a, 13:22
Iazko Jubilatuen Asteko irudia.

Egitarau oparoa prestatu du Baigerak datorren aste osorako; izan ere, besteak beste, karta-joko txapelketak, bingoa, hitzaldia, txokolate-janak, ibilaldiak, bingoa, irteera, omenaldia eta bazkaria egingo dituzte. Prestatutako egitasmo guztiak irekiak badira ere, hainbat ekintzatan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

Beste urte batez, Jubilatuen eta Pentsiodunen Astea antolatu du Baigerak astelehenean hasi eta igandera bitarterako. Egitarau oparoa prestatu dute aste osorako; izan ere, besteak beste, karta-joko txapelketak, bingoa, hitzaldia, txokolate-janak, ibilaldiak, bingoa, irteera, omenaldia eta bazkaria egingo dituzte. Gaur emango diote hasiera hasteari, karta joko txapelketekin. Hain zuzen ere, 16:00etan hasita, mus txapelketa jokatuko dute Baigera Ien, eta tutean eta punttuan ariko dira Sanjuandegiko Baigera IIn.

Prestatutako egitasmo guztiak irekiak badira ere, hainbat ekintzatan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, hala nola Donostiako kaiara egingo duten txangorako eta Matxinbenta eta Nuarbe artean egingo duten irteerarako. Asteartera bitartean eman ahalko da izena Baigeraren bulegoan, 10:30etik 12:30era. Asteari bukaera emateko, igandean, bazkaria egingo dute Loiola hotelean. Gainera, 90 urteko hainbat herritarrek omenaldia jasoko dute bazkalostean. Bazkaritarako ere izena eman behar da, Baigeraren bulegoan.

Egitarau osoa

Azaroak 18, astelehena

16:00. Karta jokoak: Musa Baigera Ien eta tutea nahiz punttua Baigera IIn.

Azaroak 19, asteartea

16:00. Menpekotasuna: oraina eta etorkizuna solasaldia Basazabal jauregian, Ander Rodriguez diputatu ohiaren eskutik. Ondoren, txokolate-jana.

Azaroak 20, asteazkena

16:00etatik 18:30era. Bingoa Baigera IIn. Ondoren, txokolate-jana.

Azaroak 21, osteguna

15:00. Photomuseumera irteera. Ondoren, Aginagako sagardotegira joango dira.

Azaroak 22, ostirala

16:00. Bingo berezia Baigera Ieko aretoan. Ondoren, eguneko zentrokoentzat txokolate-jana.

Azaroak 23, zapatua

09:00. Matxinbentatik Nuarbera mendi irteera. Ondoren, hamaiketakoa Nuarbeko elkartean.

azaroak 24, igandea

11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.

12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.

14:15. Bazkaria, Loiola hotelean. Ondoren, omenaldia 90 urte betetzen dituzten herritarrei.