Jon Alberdi pilotariak ezin izan du txapela eskuratu Lau eta Erdiko Promozio mailan. Azpeitiarrak 22 eta 15 galdu du gaur arratsaldean Iruñeko Labriten, Jon Ander Peña tolosarraren kontra jokatu duen finalean.
Ederki ekin dio partidari Alberdik, eta ia beti aurretik ibili da lanerdietara arte. 11 eta 12koan jarri da azken aldiz aurretik markagailuan aurrelari azpeitiarra. Baina neurketak aurrera egin ahala indarra galtzen joan da, eta bigarren zatian nagusi izan da Peña. Tolosakoak hirugarren finala jarraian zuen gaurkoa kaiolako lehian Promozio mailan; hirugarrengo ahaleginean txapela jantzita, datorren urtean txapelketa nagusian jokatzeko txartela eskuratu du. Alberdik, berriz, profesionaletan lehen finala izan du gaurkoa.