Kros Mistoaren atarirako, sentsibilizazio jolasak antolatu ditu Marea Urdinak

Uztarria.eus 2019ko aza. 11a, 11:52

Zapatuan jokatuko den X. Kros Mistoaren aurretik sentsibilizazio jolasak egingo dituzte plazan, Marea Urdinak antolatuta. 16:00etatik 17:00etara izango dira jolasak, eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte.

Zapatuan, azaroak 16, Kros Mistoaren X. edizioa izango da, 17:00etan hasita. Aurreko edizioak bezala, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatu du krosa, baina aurtengoa eraberritu egin dute, Herri Hezitzailearen filosofiarekin bat egitea erabaki dutelako antolatzaileek. Horretarako hainbat neurri hartu dituzte: lehiakortasuna alde batera utzita, denborarik ez dute neurtuko; eta generoaz haratago, misto hitzaren zentzua "bere osotasunean" hartuko dute, adin, ezaugarri fisiko eta adimen aniztasuna txertatuta. Gainera, Kros Mistorako motorrak berotzeko, lasterketaren aurretik Marea Urdinak antolatuta sentsibilizazio jolasak egingo dituzte herriko plazan, 16:00etatik 17:00etara bitartean.

Honakoak izango dira egingo dituzten jolasak: gurpildun aulkiarekin slaloma; esku bakarrarekin Nocilla ogitarteko bat prestatzea; keinuen hizkuntzan Telefono jolasa; muletekin oskol bilketa; hanka batekin edo ahoarekin marraztea; eta, itsututa formen kaxan piezak sartzea. Herritarrak jolas horietan parte hartzera animatu ditu Marea Urdinak.