Korta sarietako bat jasoko du Maria Angeles Amenabarrek

Uztarria.eus 2019ko aza. 5a, 17:37
Maria Angeles Amenabar. (Irekia)

Zubiola kooperatibaren gerentea izan zen azpeitiarra 1989tik 2007ra eta enpresagintzan egindako ibilbidea aitortuko diote. Azaroaren 19an jasoko du saria Amenabarrek, Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.

Maria Angeles Amenabarrek (Azpeitia, 1946) jasoko du 2019ko Korta sarietako bat. Eusko Jaurlaritza 2000. urtean hasi zen banatzen Joxe Mari Kortaren izena daramaten sariok, ETAk Zumaiako enpresaria eta Adegiren presidentea hil ondoren, "bizitza profesional luzea eta enpresa-hobekuntzaren alde egiten dutenen lana jendaurrean aitortzeko". Aitortza hori jasoko du Amenabarrek hil honen 19an Iñigo Urkulluren eskutik, egun horretan egingo baitute sariak banatzeko ekitaldia, Gasteizko Lehendakaritzan. Hain zuzen ere, Azpeitian sortu eta gaur egun lantegia Azkoitian duen Zubiola kooperatiban egindako lanari eta ibilbideari esker jasoko du saria Amenabarrek; 1989tik 2007ra Zubiolako gerentea izan zen azpeitiarra. Erretiroa hartuta, gaur egun Euskaliteko ebaluatzaileen klubeko kidea da, eta Helduak Adi eta Secot Gipuzkoa elkarteetakoa ere bai.

Confebask, Adegi, Cebek eta Sea enpresa elkarteekin eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioarekin elkarlanean ematen ditu Korta Sariak Jaurlaritzak. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko enpresa elkarteek eta Bidetik fundazioak proposatzen dituzte saridunen izenak; hain zuzen ere, Joxe Mari Kortaren fundazioak izendatuta jasoko du saria enpresari ohi azpeitiarrak. Horrela, lau lagunek jaso ohi dituzte urtero Korta Sariak. Aurten, Amenabarrekin batera, Laura Mendizabalek, Pedro Luis Uriartek eta Javier Roquerok ere jasoko dute sari bana.