Zabalik da energia berriztagarrien inguruko tailerrean izena emateko epea

Uztarria.eus 2019ko aza. 5a, 09:53

Gipuzkoa Argitu programaren barruko tailerra datorren astelehenean 18:30ean izango da, Basazabal jauregian. Tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek osteguna, azaroaren 7an, baino lehen eman beharko dute izena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak etxebizitzeta energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruko informazio saioa antolatu dute datorren astelehenerako. Gipuzkoa Argitu programaren barruko tailerra 18:30ean izango da, Basazabal jauregian. Energia berriztagarriak zure etxean... posible da! tailerraren helburua da sektore desberdinetako herritarrei energia kontsumoaren murrizketa lortzea, eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarriak bultzatzea.

Tailerrarekin energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argian eta ulergarrian eskaini nahi dizkiote herritarrei. Izan ere, energia berriztagarrien ezarpenak hainbat aldaketa jasan ditu orain gutxi. Izaera praktikoa izango du saioak, eta energia berriztagarrrien instalazioak jarri ahal izateko baldintzez-eta hitz egingo du aditu batek. Aldi berean, Gipuzkoan martxan dauden instalazioetan sortutako energia nola erabil daitekeen azalduko du hark.

Tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek osteguna, azaroaren 7an, baino lehen eman beharko dute izena. Saioa doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea gema@izadi21.eus helbidera mezua idatzita edo 628 53 22 48 telefono zenbakira deituta –astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 16:30era–.