Garuna beti dantzan

Uztarria.eus 2019ko aza. 3a, 12:18
Xanti Rodriguez, Bartzelonan ikasten egon zen garaiko argazkian.

Lanean bezala denbora pasa dagoenean, imajinazioa astintzeari ezin dio utzi Xanti Rodriguezek. Amets bat baino gehiago egi bihurtu ditu horrela. Harekin hitz eginda osatu du Mailo Oiarzabal kazetariak Bestaldetik atala 2019ko urriko Uztarria aldizkarian.

Argazkilaria, marrazkigilea, musikaria, bideogilea... eta, orain, baita zinegilea ere. Xanti Rodriguezen (Azpeitia, 1978) sormenaren emaria ez da nolanahikoa. Txikitatik izan da horrela eta ez du eteteko itxurarik. Javier Urrutikoetxea Realeko eta Bartzelonako atezain zenaren jauziekin liluratuta, handitan futbolean haren antzera ibiltzea zuen azpeitiarrak amets ume-umetan. Laster "aspertu" zela dio, ordea, eta kozkortu ahala beste asmo batek hartu zuen hasierako haren tokia: "Marrazkiak egiten hasi nintzenean, heavy musika taldeen diskoen azalak diseinatzea bihurtu zen niretzat amets, ilustratzaile izatea. Gure osabak zituen horrelako diskoak, eta haiek ikusita sortu zitzaidan gogo hori. Heavy diskoen azalak, are gehiago biniloenak, beti izan dira ikusgarriak, koadroak bezala; dragoi handiak-eta ikusten nituen, eta... Gerora egin dudan bidea ikusita, gutxi gorabehera nire umetako nahi hura bete dela esan daiteke".

Iñaki Zumarraga da heavy musikaren eta iruditeriaren ateak ireki zizkiona, amaren anaia. "Hamalau urteren aldea daukagu. Gure 'osaba gaztea' izan da beti, berarekin parrandan ere ibiltzen ginen. Kotxean heavy musika topera eramaten zuen, Judas Priest, Scorpions eta horrelako taldeena. Hark utzitako kaseteak entzunez sortu zitzaidan zaletasuna". Musikarekiko zaletasuna bezala, umetatik "pasio" izan duen marrazteko joera eta erraztasuna ere amaren aldetik datozkiola aitortu du Rodriguezek. "Amak esaten du attitterengandik datorkidala, bere aitarengandik, hain zuzen. Javier Zumarraga zuen izena; errementaria zen izatez, baina marrazten iaioa zen. Horrela dio amak, eta horrela izango da. Zumarraga aldeko familiakoak eskulanetan trebeagoak dira", kontatu du, eta "esango du, gure aitak..." bota, barre txikiarekin, bere artista senaren jatorriak ia beti alde batera jotzen duela ikusita.

Panpinekin irudikatutako filmak

Ukatu ezina da, hala ere, aitaren eragina, gerora egin duen bidea ikusita. "Argazkilaritzarena, hori bai, aitarengandik" jaso zuen. Gogoan ditu esku artean hartu zuen lehen argazki kamera –"Canon 801 bat"– eta harekin atera zituen argazkiak. "Itxuragabeak ziren, txar-txarrak. 9 bat urte izango nituen eta argazki rally batera joan ginen anaia eta biok, aitarekin". Garai hartan, ordea, ez zitzaion gehiegi axola argazkilaritza: "Marraztu egiten nuen gustura, baina argazkilaritza... Gerora etorri zen niretzat argazkiak ateratzen ikastea eta gozatzen hastea, Bartzelonara ikastera joan nintzenean. Umetan, ez; orduan telebistan Dragoi Bola eta horrelakoak ikustea gustatzen zitzaidan, argazkilaritza ez zitzaidan interesatzen".

Aurrez enkarguz zenbait lan egin ondoren, iaz hasi eta bukatu berak sortutako lehen istorioa eraman zuen pantaila handira Rodriguezek: Lekaime film laburra. Lan horren "unibertsoan" aztarka jarraitzen du azpeitiarrak, eta beste film labur bat eta zuzenduko duen lehen film luzea bidean direla aurreratu du. Zinearekiko lilura ere umetatik datorkio, eta zaletasun horri lotutakoa da txikitako oroitzapen onenen artean gordeta duen jolasa: "Pelikula pila bat ikusten nituen. Panpinak ere asko neuzkan, Masters del Universo, Gi Joe, Transformers eta horrelakoak, garai hartakoak. Nire denbora-pasa handienetakoa zen, gustuko film bat ikusi ondoren, panpin horiek hartu eta gehien gustatu zitzaidan eszena etxean irudikatzea; arratsalde osoak ematen nituen horretan. Finean, uste dut hortik datorrela gerora etorri den dena. Zaletasun gehiago ere banituen, baina txikitan ondoen horrela pasatzen nuen".

 

 

Beldurrezko filmak "asko gustatzen" zaizkio. Mutil txikia zen oraindik Michael Jacksonek Thriller abestiaren bideoklip famatua atera zuenean, eta gogoan du "erabat katigatuta" egon zela harekin, zonbiekin eta gizotsoarekin. "VHS batean grabatuta geneukan. Anaia eta lehengusua zaharragoak ziren, baina beldurtu eta ospa egiten zuten hura jarritakoan. Nik, berriz, egunean igoal hogei aldiz ikusten nuen". Ikusi. Eta aztertu. Eta irudikatu: "Tipoari azkazalak ateratzen zitzaizkionean, adibidez, bideoa gelditzen nuen, kartulina pusketekin azkazalen antzekoak egin eta merkrominarekin odola, eta zonbi bihurtzen ari nintzela irudikatzen nuen". Helduei zuzendutako eta umeentzat ez-gomendagarri sailkatutako filmak ziren Rodriguezi txikitan gustatzen zitzaizkion asko, baina horrek ez zuen atzeratzen. Etxean, "aitaren ezkutuka" ibiltzen zela dio, bideoak ikusteko. "Asko jarraitzen nuen bestea zen V telesaila. 'Muskerrek' arratoiak jaten zituztenean eta... Lepo gustatzen zitzaidan hori ere".

Zinea, bidaiak, 'influencerrak'...

Panpinak, kartulinak eta merkromina alde batera utzita, zinezale amorratua da orain ere Rodriguez. "Umeak oheratutakoan", ia beti hartzen du film bat ikusteko tartea, eta gaur egun beretzat aisialdirako "plan perfektua" da 9 eta 6 urteko seme-alabak hartu eta zinera joatea: "Denon gustuko film bat ikusi, zortzi mila txerrikeria erosi, krispetak eta abarrak, eta filma ikusi ondoren, afaltzera".

"Tarte bat duenean" gustura egiten duen bestea da Lasao aldetik joan-etorria, korrika. Esku artean dituen proiektuentzako "ideien eta inspirazio bila" joaten dela dio. "Eguraldia txarra bada, zenbat eta lanbro gehiago, hobeto; eguzkitan baino nahiago izaten dut. Musika entzunez joaten naiz, nire gustukoa; regetoia ez, alegia. Korrika saio horiek inspiratu egiten naute". Denbora librean "betetzen" duten gauzak egiten ahalegintzen da. Bi urtean behin-edo berak aukeratutako bidaiak egiten ditu. Islandiara egin zuen horietako azkena, eta hara bueltatzea nahi du; Eskoziako Skye uhartea edota Alaska ezagutzea ere nahiko luke. "Horrelako tokiak" maite ditu, hiri jendetsuak baino gehiago, baina familiarekin Tokyora joatea ere nahi du.

Telebistako albistegiek "sutu" egiten dute eta "sare sozialetako influencer deritzaien horiek kalte" egiten diote; horrelakoek mikazten diote umorea, lagunartean terraza batean eseri eta garagardoa edateak ez bezala. Etorkizunera begira jarrita, "gure seme-alabek gutxienez guk eduki duguna edukitzea" nahiko luke. "Regetoia deuseztatzea" ere ondo hartuko lukeela dio, barrez, "amets zail samarra" dela badakien arren.