Jon Alberdik hilaren 9an Iruñean jokatuko duen finalerako autobusa antolatuko dute

Uztarria.eus 2019ko urr. 29a, 10:05

Jon Alberdi Azpeitian jokatutako Lau eta Erdiko Txapelketako partidan.

Azaroaren 9an, zapatua, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du azpeitiarrak finala, Peña II.aren kontra. Hara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua eskainiko du Ilunpe elkarteak, eta datorren astelehenean eta asteazkenean izango da izena emateko aukera, Izarraitz pilotalekuan. Bidaia hamar euro ordaindu behar da.

Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatuko du datorren azaroaren 9an, larunbata, Iruñean, eta joan-etorria autobusez egiteko aukera eskainiko du Ilunpe pilota elkarteak. Peña II.aren aurka neurtuko ditu indarrak Alberdik Labrit pilotalekuan, eta Iruñera joateko autobusa 15:00etan aterako da anbulatorioaren aurretik; Azpeitira partida bukatzean itzuliko da autobusa. Jaialdia 17:45ean hasiko da, eta guztira hiru partida izango dira. Autobuserako izena azaroaren 4an eta 6an, datorren astelehenean eta asteazkenean, eman ahal izango da Izarraitz pilotalekuan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Norberak autobuserako bere txartela hartu beharko du, eta bidaia hamar euro ordaindu beharko da.

Joan zen zapatuan lortu zuen Alberdik finalerako txartela, Asier Agirre pilotaria 22 eta 19 mendean hartuta. Promozio mailan duen esperientziagatik, Agirre zen faborito nagusia, baina azpeitiarrak neurketa irabaztea lortu zuen, partida orekatu eta gogoangarria jokatuta. Aldiz, Julen Egigureni txanponaren bestaldea ikustea egokitu zitzaion igandeko partidan; Peña II.aren kontra neurtu zituen indarrak igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta nahiz eta neurketaren lehen zatian markagailuan aurretik joan zen azpeitiarra, 22 eta 12 galdu zuen hark norgehiagoka. Ez da, beraz, bi azpeitiarren arteko finalik izango promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketan. Dena den, profesionaletan debuta egin duten bi pilotari azpeitiarrek, oso maila ona erakutsi dute lehian.