139 odol emaile omenduko dituzte igandean, Loiolan

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 17:30

Iaz omendu zituzten odol emaileak.

Azpeitiko 34 odol emaile omenduko dituzte igandeko ekitaldian. Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko odol emaileek jasoko dituzte oroigarriak. 

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Urola Kostako 139 odol emaile, tartean 34 azpeitiar, omenduko ditu igandean Loiolan egingo duten ekitaldian. 12:00etan meza izango da, eta ondoren, 13:00etan, hasiko dira odol emaileei aitortza egiteko oroigarri banaketarekin.

25 ateraldi egiteagatik zilarrezko domina banatuko diete 61 laguni. Beste 39 lagunek 40 eta 50 ateraldi artean egin dituzte, eta horiek urrezko domina jasoko dute. 60-75 odol emate egin dituzten 24 lagunek nahiz 80 odol ateraldi egin dituzten hamar lagunek Emaile Bikainaren Saria jasoko dute, eta ehun ateraldi egin dituzten bost lagunentzat, beste oroigarri bana egongo da. 

Azpeitiko, Azkoitiko, Aizarnazabalgo, Itziarko, Errezilgo, Getariako, Zestoako, Zumaiako eta Zarauzko odol emaileak izango dira omenaldian. Herriz herri banatuko dituzte oroigarriak, taldeka. Behin domina banaketa eginda, omendutako odol emaileek bazkaria egingo dute Kiruri jatetxean, 14:00 aldera.