Zazpi langile "salmenten beherakadaren eraginez" kaleratu dituela esan du O-Bi Oinetakoak enpresak

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 12:58
Oskarbi saltokiaren ataria.

ELA sindikatuak atzo egindako salaketaren harira, O-Bi enpresak langileen eskubideak "beti" bermatu izan dituela eta langileak kaleratzeko neurria salmenten "beherakadaren" ondorioz hartu behar izan duela adierazi du. O-Bi Oinetakoakek gezurtatu egin du ELAk kaleratzeez eman duen bertsioa, eta sindikatuari esan dio egindako adierazpenak eta salaketa frogatzeko.

ELA sindikatuak atzo salatu zuen O-Bi Oinetakoak enpresak Oskarbi dendetako zazpi langile kaleratu dituela, langileen antolatzeko eskubidea urratuta. Salaketa horren harira, enpresak langileen eskubideak "beti" bermatu izan dituela eta langileak kaleratzeko neurria salmenten "beherakadaren" ondorioz hartu behar izan duela adierazi dio Goiena.eus atariari –Arrasaten ere badu saltokia Oskarbik–. Enpresak egindako adierazpenak eta salaketak frogatzeko deia egin dio ELA sindikatuari.

O-Bi Oinetakoakek gezurtatu egin du ELAk kaleratzeez eman duen bertsioa, eta enpresak adierazi du Oskarbi enpresa txikia dela eta ez duela ulertzen sindikatuak egindako salaketa, "errealitatearekin zerikusirik ez" duelako: "Oskarbik langileen eskubideak beti bermatzen ditu. Gaur egun ez dago eta ez da inoiz egon izan lan prekarietaterik Oskarbin. Beraz, enpresaren erabakiak ez dauka zerikusirik langileen bilerekin edo haiek beren eskubideak gauzatzearekin".

Horrez gain, kontsumo ohituren aldaketak jasan dituela esan du Oskarbik: "Zoritxarrez, kontsumo ohiturek aldaketak ekarri dituzte –Zara, Amazon...–, eta horrek salmenten beherakada ekarri du gure dendetara. Ondorioz, Oskarbik neurriak hartu behar izan ditu, langileen berrantolaketa eginda eta bi denda itxita".