Lurra berpizteko unea

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 18:14

Mikel Izurieta. (Ihintza Elustondo)

Klima aldaketa geldiarazteko berehalako ekintzak eskatzen dituen Fridays For Future kolektiboko kidea da Mikel Izurieta. Oso kezkatuta dago. Harekin hitz egin du Ihintza Elustondo kazetariak 2019ko urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportaje honetarako.

Tenperatura oso beroak, eguraldi aldaketak, itsasoak gainezka egin duela... Gero eta ohikoagoak bilakatzen ari dira halakoak, eta ikusi nahi ala ez, gauza bat argi dago, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak duela gutxi baieztatu duenez: Lurra berotzen ari da. Eta horrek ez du esan nahi etorkizunean bero handiagoa egingo duela bakarrik; arazoa larriagoa da. "Biodibertsitatea galtzen ari da; gero eta zailagoa izango da janaria lortzea; itsas maila izugarri igo daiteke, eta horrek esan nahi du munduko biztanleriaren %10 –770 milioi pertsona– bizilekuz aldatu beharko litzatekeela". Mikel Izurieta (Azpeitia, 1996) oso kezkatuta dago gaiarekin, eta horregatik da Fridays For Future kolektiboko kidea. "Zenbat eta gehiago irakurri, are gehiago beldurtzen naiz".

Gizakiek sortutako emisioek eragiten dute berotegi efektua; besteak beste, karbono dioxido eta metano gasek. Datuak mahai gainean jarri ditu azpeitiarrak. "Emisioak jaisten hasteko gehienezko data 2025. urtea da. 2025a baino beranduago hasten bagara gasen emisioak gutxitzen, lurrak absorbi dezakeen karbono dioxido kopurua gaindituko dugu. Horrek esan nahi du lurraren batez besteko tenperatura bi gradu baino gehiago igoko dela”. Nazio Batuen Erakundeak ere zehaztuta du helburua: mende amaieran munduaren tenperatura ez dadila bi gradu baino gehiago berotu, eta gradu eta erdin gelditzen bada, hobeto.

Izurietak azaldu duenez, une honetan 1,3 gradu goitik dago tenperatura; beraz, marjina ez da handira. "Bi graduren barruan, jasangarria izango litzateke bizitza, baina tenperatura hori baino gehiago igotzen bada, aldaketak oso drastikoak izango dira". Gordin bota du azpeitiarrak: "Bide hau segitzen badugu, eta horrela jarraitzeko arrisku handia dago, 2050etik aurrera ez da egongo zereginik".

Beraz, aukera bakarra dago: zerbait aldatzea, hondamendiak aurrea hartu ez dezan. "Gero eta kontzienteago gara gertatzen ari denaz, baina ez dakigu krisi hau areagotzen duten gauzak gelditzeko zer egin. Kontziente izatea bakarrik ez da nahikoa, gure eguneroko ekintzetan ere aplikatu behar dugu kontzientzia hori, eta politikariak nahiz enpresariak bultzatu behar ditugu aldaketa honetan parte hartzera". Izurietak argi du pertsona bakoitzak indibidualki egiten duenak soilik ez duela "ezertarako" balio, "arazoa sistematikoa" baita.

FFF kolektiboan buru-belarri

Instagramen saltseatzen ari zela izan zuen Fridays For Future (FFF) mugimenduaren berri Izurietak. Klima aldaketa geldiarazteko berehalako ekintzak eskatzen dituen ikasle mugimendua da FFF. Greta Thunberg gazte suediarra da mugimenduaren sortzailea, eta azken boladan oihartzun handia izan du haren jardunak nazioartean. Aurtengo martxoan hasi zen mugimendua lehen pausoak ematen, eta pixkanaka indarra hartzen ari da. Hiriburuetan antolatzen dira ikasleen kolektiboak, eta Izurieta Donostiako taldeko kidea da. Ostiralero elkartzen dira Donostian, eta hainbat ekintza antolatzen dute. Besteak beste, irailaren 20tik 27ra bitartean klimaren astea ospatu dute, eta askotariko ekitaldiak gauzatu dituzte: elkarretaratzeak, kontzertuak, manifestazio jendetsua egin zuten...

Suitzan ere izan zen Izurieta joan den abuztuan, Europako FFF kolektiboaren bileran. Tokian tokiko kolektiboek elkarren berri izatea eta mugimendua batzea izan zen batzarraren helburua, baita mugimenduaren oinarriak adostea ere. 450 aktibista elkartu ziren bertan. Kezka oso zabalduta dago, beraz.

Dena den, badira oraindik klima aldaketa ukatzen dutenak, Donald Trump AEBetako presidentea kasu. "Greta Thunbergek zera esaten du: 'Trumpek orain arte ez badio inori entzun, zergatik entzungo dit niri?'. Uste dut garrantzitsuagoa dela kezka pixka bat duen jendea borroka honetara batzen saiatzea negazionistak konbentzitzen saiatzea baino".

Mugimenduak salatzen duen gauza nagusietako bat zera da: politikariek ez dutela neurririk hartzen klima aldaketa geldiarazteko. "Arazoa sistematikoa da, eta horri partxeak jartzen saiatzen ari dira, baina ez diote heltzen benetako arazoari. Ezin dugu onura ekonomikoetan bakarrik zentratu gainontzeko dena ahaztuta. Azkenean, zer inporta du 100.000 auto edukitzeak hemendik urte batzuetara ez bada planetarik egongo? Autoak, agian, beharrezkoak dira, baina pentsatu beharko dugu beste modu bateko autoak egitearekin, ingurumenean hain eragin zuzena ez dutenak". Eta horrela, gauza guztiekin.

Egoera horren aurrean, zer egin dezakete norbanakoek Lurraren berotze etengabea gelditzeko? "Pixkanaka gure ohiturak aldatzen joan behar dugu. Kontziente izan eta informatu egin behar dugu: gure janaria nondik datorren jakin, zer eragin duen ingurumenean elikagai horiek jateak, gauza bera arroparekin...". Horrez gain, enpresa multinazionalek eta politikariek bide bera har dezaten lan egin behar dela uste du azpeitiarrak, multinazionalak baitira gehien kutsatzen dutenak. "Kolektiboki joan behar dugu aldaketa horretara: politikariek, enpresariek eta guk, gizarteak".

Izurietaren arabera, oraindik ez da berandu klima aldaketa geldiarazteko: "Nazio Batuen Erakundeak esaten du 2030. urtea izango dela atzera bueltarik gabeko urtea". Beraz, oraintxe da martxan hasteko unea. "Iruditzen zait jendeak ez duela ikusten gai honetan bere eragin zuzena. Esaten dute: 'Nik zer egin behar dut ba?'. Denok norabide berean arraun egiten dugu, edo ez goaz inora".

T-Wild

Asko bidaiatutakoa da Mikel Izurieta, eta hark nabarmendu duenez, kanpora irten delako konturatu da klima aldaketaren arazoa zenbaterainokoa den. Haren kezka Londresen piztu zen: arratsalde bat libre zuela eta, hitzaldi batera joan zen, eta ehungintzaz aritu ziren solasean. "Sekulako inpaktua" eragin zion han entzun zuenak, ohartu baitzen moda industria dela industria guztietan gehien kutsatzen duen bigarrena –lehena petrolioarena da–. "Kotoiaren ustiaketan ur pila bat erabiltzen da, pestizidekin kutsatu egiten da ur hori, eta ondoren, ibaira edo itsasora joaten da kutsatutako ura. Datu bat: kotoizko kamiseta bat ekoizteko, 2.700 litro ur behar dira. Hori kotoiaren kultiboari dagokionez; gero, kamiseta ekoizterakoan ere ura erabiltzen da, tindagai toxikoak... Gas emisioak ere sortzen dira ekoizpen prozesuan, eta gainera, herrialde azpigaratuetan ekoizten dute ondoren arropa, merkeago delako. Hori dena kontuan izanda, ehun industriak ingurumenean duen eragina izugarria da".

Hori jakitean, zerbait egin beharra sentitu zuen Izurietak, eta T-Wild proiektua jarri zuen martxan. "Komunikazio proiektu bat da, ehun industriak nola funtzionatzen duen azaleratu nahi duena". Informazioa azaleratzeaz gain, irtenbide bat proposatu beharra ere sentitu zuen Izurietak. Horregatik, "modu etiko eta jasangarri batean ekoitzitako" kamisetak sortu ditu. "Ez da irtenbide bakarra, irtenbide bat baino ez da, niretzako eskuragarria eta erraza". Haren arabera, lehen pauso bat da. "Helburua izango litzateke arroparik ez ekoiztea, arropa pila bat dagoelako munduan. Baina txipa aldatzea asko kostatzen da".