'Erditzearen eta seme-alaben ondorengo sexualitatea, elkarbizitza eta erotika' tailerrak egingo dituzte

Uztarria.eus 2019ko urr. 23a, 15:14

Urriaren 31n eta azaroaren 7an izango dira tailerrak, 17:00etatik 19:00etara, Sindikatu Zaharrean, gizonei nahiz emakumeei zuzenduta. Edurne Mendizabal sexologoak gidatuko ditu saioak. Haren arabera, etxe batera haur bat etortzen denean, "erabat" aldatzen da egoera, eta hori izango da tailerren abiapuntua.

Erditzearen eta seme-alaben ondorengo sexualitatea, elkarbizitza eta erotika saioak antolatu ditu Azpeitiko Emakumeen Txokoak, udalaren laguntzarekin. Plax! bikote eta sexu aholkularitza eskaintzen duen Edurne Mendizabal sexologoa izango da tailerren gidaria. Hark azaldu duenez, etxe batera haur bat etortzen denean, "erabat" aldatzen da egoera, eta hori izango da saioen abiapuntua. "Etxe batera ume bat etortzen denean, denborak eta espazioak erabat aldatzen dira. Bikotean –izan gizon baten eta emakume baten, bi gizonen edo bi emakumeren artekoa–, askoz gehiago negoziatu behar dira gauzak. Bakoitzak bere espazioak zaintzeko, negoziatzen ikasi behar da bikotean". Negoziaziorako erremintak emango dituzte, besteak beste, saioetan.

Gainera, amatasunak desiran nola eragiten duen ere landuko dute, baita amatasunak eta aitatasunak ekar ditzaketen zailtasunak ere. "Askotan, ama edo aita izatearen gauza politez baino ez da hitz egiten, baina alde zailak ere badituzte, eta horri lekua egitea beharrezkoa da". Horretaz guztiaz hitz egiteko ere balioko dute tailerrek.

Gizon nahiz emakumeei zuzendutako saioak izango dira, eta Mendizabalek azaldu duenez, tailer praktiko formatuan egingo dituzte. Taldearen ezaugarrietara egokituko dituzte saioak. Urriaren 31n eta azaroaren 7an izango dira tailerrak, 17:00etatik 19:00etara, Sindikatu Zaharrean. Plaza mugatuak izango dira, eta 943 15 70 55 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita eman behar da izena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide