Gaur arratsaldean izango da Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketaren finala

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 10:44

Erremonte Txapelketako irudi bat.

Goikoetxea V.ak eta Ionek Barrenetxea IV.aren eta Aldaberen kontra neurtuko dituzte indarrak. 18:30ean hasiko da norgehiagoka Izarraitz pilotalekuan, eta partidarako sarrera bi euro ordaindu beharko da. 17:30ean, ate irekien jardunaldia izango da frontoian.

Gaur, ostiralarekin, jokatuko dute Goikoetxea V.ak eta Ionek nahiz Barrenetxea IV.ak eta Aldabek Azpeitiko Erremonte Txapelketaren XX. edizioaren finala. Izatez, Endika zen Aldaberen bikotea, baina min hartuta dago Endika, eta haren ordez, joan zen asteko jardunaldian bezala, Barrenetxea IV.ak jokatuko du. 18:30ean hasiko da norgehiagoka Izarraitz pilotalekuan, eta partidarako sarrera bi euro ordaindu beharko da. Pilotalekuko leihatila partidak hasi baino ordubete lehenago, 17:30 aldera, irekiko dute.

Goikoetxea V.ak eta Ionek jokatutako bitik bi partida irabazi dituzte txapelketan; aldiz, Aldabek eta Endikak galdu egin zuten lehen norgehiagoka, baina bigarrengoan nagusitasunez aritu ziren. Ez da Barrenetxea IV.ak eta Ionek Azpeitiko Erremonte Txapelketako finala jokatzen duten aurreneko aldia izango gaurkoa; izan ere, bi kirolariak dira finalen bat edo beste jokatutakoak. Azpeitiko XIX. Erremonte Txapelketa iazko edizioa, berriz, Utergak eta Labakak irabazi zuten.

Joan zen ostiraleko moduan, gaur arratsaldean ere ate irekien jardunaldia izango da Izarraitzen. Erremontea hauspotzeko asmoz, herritarrek erremontea barrutik ezagutzeko aukera izango dute 17:30etik aurrera. 14 urtetik gorako herritarrek aukera izango dute erremontea nahiz erremontisten jarduna gertutik ezagutzeko, doan eta aurrez hitzordurik hartu gabe.