Salda Badago topaketei begira, mahai-ingurua eta herriko mugimendu feministaren diagnostikoa egingo dituzte bihar

Uztarria.eus 2019ko urr. 15a, 15:10
Artxiboko irudia.

Basanderiek talde feministak Salda berotzen mahai-ingurua eta Salda badago? diagnostikoa antolatu ditu biharko. Emakumeen Txokoan egingo dituzte hitzaldia eta diagnostikoa, 18:00etan hasita. 

Salda Badago izenburupean, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak izango dira azaroaren 1ean 2an eta 3an Durangon. Horren atarian, Azpeitiko Basanderiek talde feministak Salda berotzen mahai ingurua eta Salda badago? diagnostikoa antolatu ditu biharko, urriak 16. 

Emakumeen Txokoan egingo dute mahai-ingurua 18:00etan hasita. Bertan, V. Jardunaldi Feministen nondik norakoak azalduko dituzte Basanderiek asanbladako kideek. "Jardunaldien inguruko xehetasunak izango ditugu hizpide. Esaterako, topaketak nondik eta zergatik sortu ziren azalduko dugu, baita aurtengo jardunaldietan egunez egun zer egingo den azaldu ere", aurreratu dute Basanderiekeko lagunek. Behin azalpenak emanda, herriko mugimendu feministaren inguruko diagnostikoa egingo dute. Azaldu dutenez, talde txikitan banatuta hainbat galderei erantzutea da asmoa: "Euskal Herriko mugimendu feministako kideak herriz herriko balorazioak jasotzen ari dira. Hori dela eta, hausnarketarako tartea irekiko dugu, eta hainbat galderei erantzuten saiatuko gara". Hain zuzen, honako galdera hauei erantzungo diete biharko saioan: "Nolakoa da Azpeitiko mugimendu feminista? Zergatik den beharrezkoa mugimendu feminista? Zer da mugimendu feminista? Nortzuk osatzen dute? Zein dira mugimendu feministaren indarguneak eta ahulguneak?". 

Gaian interesa duen edozein bertaratu daiteke biharko jardunaldira.