Korrontzi: "Artista asko egongo dira larunbateko kontzertuan, eta denon artean giro zoragarria sortuko dugu"

Uztarria.eus 2019ko urr. 9a, 16:20

Ostiralean hasiko da Tuba Jaialdiaren hamargarren edizioa, eta beste urte batez, tuba eta bonbardino hotsak izango dira nagusi herriko hainbat txokotan. Korrontzi Tuba Band ikuskizuna izango da egitasmoaren aurtengo protagonistetako bat, eta Korrontzi taldeak bere abestiak taularatuko ditu dozenaka tuba eta bonbardino jotzailerekin batera. Bizkaiko taldeak adierazi duenez, larunbateko emanaldian ehun lagun baino gehiago igoko da Soreasu antzokiko taula gainera, eta emanaldi "polita" eta "ezustekoz betetakoa" eskainiko dute musikariek. 20:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrerak salgai daude kulturaz.eus atarian.

Nolatan ariko zarete Tuba Jaialdian?

Duela bost urtetik, saiatzen gara Korrontziren kontzertuak herriko eragile desberdinekin batera hornitzen. Oraingo honetan, Tuba Jaialdiaren barruan prestatzen duten kontzerturako Korrontziren musika polit eta indartsu entzun behar zela iruditzen zitzaigun. Hori da erronka eta nahia; tuba bandaren laguntzarekin Soreasura eramatea Korrontziren musika.

Trikitia eta folka uztartzen dituzue. Nola moldatu zarete zuen musika tuba doinuekin nahasteko?

Trikiti talde bat gara, baina saiatzen gara doinu horiek ikuspegi garaikideago batetik lantzen eta doinu berriak sortzen. Fandangoa eta arin-arina mantentzea ondo dago, baina erritmo horiekin proposamen berriak egiten ahalegintzen gara. Bere garaian, Xabier Zabalak gure abestiak moldatu zituen herrietako musika bandekin jotzeko. Zabalaren moldaketa horiek oinarri hartuta, Jose Maria Ribellesek abestien konponketak egin ditu Soreasuko kontzerturako. Izan ere, Azpeitiako tuba banda nahiko berezia da, soilik tubaz eta bonbardinoez osatutako talde bat egotea ez delako ohikoa. Ribellesek hainbat konponketa egin du, eta lan potoloa izan da hark egin duena. Publikoak bi ordu inguruko kontzertua entzun ahal izango du, baina atzetik jende askoren lana dago. Jendea harritu egingo da, tuba banda bat entzutea ez delako ohikoa.

Zer-nolako abestiak joko dituzue Soreasuko zuzenekoan?

Korrontziren 15 urteetako errepertorioko eta leku guztietan eskaintzen ditugun abestiak taularatuko ditugu, baina moldatuta. Tuba bandaz gain, beste hainbat gonbidatu izango dira kontzertuan, eta dantzarekin ere uztartuko dugu saioa. Ezusteko ugari egongo da, eta kontzertua amaitzerako, ehundik gora lagun igaroko dira taula gainetik. Beraz, artista asko egongo dira kontzertuan, eta denon artean giro zoragarria sortuko dugu.

Horrenbeste musikari izanda, nola moldatu zarete entseatzeko?

Gipuzkoakoak ez ezik, Espainiako estatu osoko musikariek parte hartzen dute tuba bandan, eta Madriletik edota Valentziatik etorriko dira larunbateko kontzertura. Guztiok elkartzea ezinezkoa izan da, eta egin duguna partiturak guztiei bidaltzea izan da. Partitura horiek ikasten aritu dira guztiak, eta larunbatean entseatuko dugu denok. Orduan jarriko dugu komunean bakoitzak etxean egin duen lana. Izan ere, musikari bakoitzak etxean bere grabazioak egin ditu, eta horiek entzun egin ditugu ondoren. Bakarkako lanak izan dira entzun ditugunak, eta lehenengoz larunbat goizean entzungo dugu egindako lan osoa.

Korrontik askotan egiten ditu kontzertu bereziak, eta jende ezberdinarekin kolaboratu ohi duzue. Zergatik?

Hasierako gure nahia izan da herriko elkarte eta taldeekin kolaboratzea, baita dantza taldeekin ere. Gustatzen zaigu beste musikariekin aritzea, horrek herrikoiagoa bihurtzen duelako emanaldia bera. Trikitixa, nire ustez, herriko musika tresna da, eta oso gauza polita da gure musika herriak berak interpretatzea eta dantzatzea. Parte hartzaileak izaten dira gure emanaldiak, eta gu ere oso gustura mugitzen gara egoera horretan.