Txisteratik kalera atera dute magia

Uztarria.eus 2019ko urr. 5a, 20:34

Txundituta, liluratuta eta aho zabalik. Horrela utzi ditu herritarrak IV. Txisteratik Egun Magikoaren lehen apurrak. Eguerdian zehar, gertuko magia izan da protagonista Azpeitiko plazan eta Alde Zaharreko kaleetan, eta adin guztietako herritarrek gogotik gozatu dute Iagomagoren, Eriz magoaren, Imanol Ituiñoren, Julen magoaren eta Brandoren magia jolasekin. Jende ugari elkartu da plazan, eta goraino bete dira tabernetako atariak. Beste urte batez, harrera bikaina egin diete herritarrek Txisteratik Egun Magikoari barre eta txalo artean.

Arratsaldean ere txisteratik kalera atera dute magia, eta ikuskizun bana eskaini dute Gran Zampanok eta Julen magoak. Azpeitiko mago gazteak Perez Arregi plazan eskaini du emanaldia eta Gran Zampanok plazan.

Gala Nagusiak borobilduko du gaurko eguna. Soreasu antzokiak hartuko du Gala Nagusia, eta 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Aurtengoan, Imanol Ituiño, Brando eta Silvana, Iagomago, Eriz Magoa eta Miguel Muñoz magoa izango dira Soreasuko oholtzan, eta horiek arduratuko dira herritarrak aho zabalik uzteaz.

Hona hemen IV. Txisteratik Egun Magikoaren goizak eta arratsaldeak utzi dituen irudi batzuk: