Kodaore judo talde berriak hartuko du herrian Kimura klubaren lekukoa. Pedro Guerrak, klubaren arduradunak, erretiroa hartzea erabaki duela jakinarazi du Kimurak ohar bidez, eta Kimuran urteetan ondoan izan dituen Gorka Arregik eta Juantxo Calerok sortu berri duten klubak hartuko duela aurrerantzean judo klaseak ematearen ardura. Klase horiek Kodaoreren egoitzan izango dira, Landetan –Nafer ondoko sarreran, 1. zenbakidun lokala–, eta ez kiroldegian. Dena den, bihar, asteartea, kiroldegian izango dute aurrez ezarritako hitzordua Kimurako kideek eta ikasleek; bertan, hartu duen erabakiaren berri emango die Guerrak.
Hau da, hain zuzen ere, Kimurak plazaratu duen oharra: "Judoaren inguruan izan diren gorabeherak argitzeko, guztiok jakinaren gainean ipini nahi zaituztegu gure kirolaren jarduerak jarraipena izango duela tatami berrian. Pedro Guerra maisuak erretiroa hartzea erabaki du, eta bere jarraitzaileak diren Gorka Arregik eta Juantxo Calerok hartuko dute klaseak ematearen ardura. Urrian tatami berrian elkar ikusiko garelakoan, agur bat".