Xake ikastaroak eskainiko ditu Xaputarrak taldeak

Uztarria.eus 2019ko urr. 1a, 11:30
Xake ikastaroetako irudi bat.

Astelehenetan eta ostegunetan izango dira saioak Baigerako laugarren solairuan, eta nahi duten herritar guztiek izango dute ikastaroetan parte hartzeko aukera. Doakoak izango dira saioak, eta herritarrek oinarrizko kontzeptuak ikasi ahal izango dituzte.

Xaputarrak taldeak xakean jokatzen ikasteko ikastaroak antolatu ditu beste ikasturte batez. Astelehenetan eta ostegunetan izango dira saioak Baigera I-eko laugarren solairuan, eta nahi duten herritar guztiek izango dute ikastaroetan parte hartzeko aukera. Oinarrizko kontzeptuak ikasi ahal izango dituzte horiek, hala nola mugimenduak. Xaputarrakeko kideek azaldu dutenez, saioen egutegia aldagarria da, eta saioak doakoak izango dira.

Lehian ere hasi dira dagoeneko Xaputarrak taldeko kideak. Hain zuzen ere, irailaren 28an, Gipuzkoako Partida Azkarretako Xake Txapelketa izan zen Donostian. Hiru azpeitiarrek parte hartu zuten txapelketan: Cristian Cretu (6,5 puntureki zazpigarren sailkatu zen), Eneko Alberdi (4 punturekin 27. sailkatu zen) eta Aner Alondo (4 punturekin 28. izan zen).