Jokin Urangak final-laurdenetarako txartela eskuratu du Elgoibarren

Uztarria.eus 2019ko ira. 29a, 21:23
Jokin Uranga gaurko saioan kantuan. (GBE)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako saio bat jokatu dute gaur Elgoibarren, eta Urangak bigarren egin du. Dena den, eskuratu dituen puntuak tarteko –443,5 puntu–, final-laurdenetan izango da azpeitiarra. Azken final zortzirenetako saioaren zain egon beharko du hurrengo fasean non abestuko duen jakiteko.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako azken aurreko kanporaketa izan da gaur, igandea, Elgoibarren, eta bertan izan da Jokin Uranga bertsolari azpeitiarra. Ane Labaka nagusitu da gaurko saioan, baina haren atzetik sailkatu da Uranga, eta lortutako puntuak aski izango zaizkio txapelketaren hurrengo fasera igarotzeko; izan ere, azpeitiarrak 443,5 puntu batu ditu gaurko saioan. Final zortzirenetako saioetako irabazleak zuzenean sailkatzen dira hurrengo fasera, eta gainerako hamazortziek puntuazioaren arabera egingo dute aurrera. Saio baten faltan, beraz, argitu da zeintzuk izango diren eskuratutako puntuei esker txapelketan aurrera egingo duten bertsolarietako batzuk.

Epaileek hala erabakita, honako hau izan da gaurko saioko sailkapena: Ane Labaka (458,5 puntu –orain arteko puntuazio altuena–), Jokin Uranga (443,5 puntu), Eñaut Martikorena (437 puntu), Iñaki Gurrutxaga (430 puntu), Unai Gaztelumendi (424,5 puntu) eta Endika Igarzabal (403,5 puntu). Gaur lortu duen puntuazioarekin sailkapen orokorrean bosgarrena da Uranga; hain zuzen ere, sei final zortzirenetako saio jokatu dituzte orain arte, eta Zumaiako saioko irabazle Gorka Maizek baino puntu gehiago batu ditu gaur azpeitiarrak. Azken final zortzirenetako saioaren zain egon beharko du Urangak hurrengo fasean non abestuko duen jakiteko.

Honako hau da gaurko saioko puntuazioen taula:

Uranga ez da izango txapelketan aurrera egingo duen bertsolari azpeitiar bakarra; Beñat Lizasok Ordiziako saioa irabazi zuen, eta ondorioz, urriaren 20an Irunen egingo den final laurdenetako saioan abestuko du. Oier Etxeberriak, berriz, ez du txapelketan jarraituko: Amasa-Villabonako saioan abestu zuen hark, eta han lortutako 408,5 puntuak ez zaizkio aski izango lehian jarraitzeko.