Karting eta minimotard erakustaldiak ikusmina piztu du herrian

Uztarria.eus 2019ko ira. 28a, 19:27

Motor hotsak ez du etenik izan gaur arratsaldean Perez Arregi plazaren nahiz Damaso Azkue auzunearen inguruetan. Izan ere, gaur egin dute joan zen uztailean gauzatzekoak ziren baina eguraldiagatik atzeratu zuten VI. Karting eta Minimotard erakustaldia. Urtero legez, ikusmina piztu du probak, eta jendetza elkartu da errepidearen bazterretan, mailaz mailako lasterketak ikusteko. Perez Arregi plazak box itxura hartu du; gidariak eta haien laguntzaileak kart-ak eta motoak prestatzen aritu baitira bertan arratsaldean zehar.

Lehenik, minimotoen modalitatean aritu dira gidari gaztetxoenak; tartean, Markel Caballero 6 urteko moto-gidari azkoitiarra. Minimotard motoekin lehiatu dira ondoren helduak, eta ondoren, kart-en txanda izan da: lau gidari leihatu dira gaztetxoetan, eta 11 helduetan. Lehen mangako denborak kontuan hartu dituzte minimotard nahiz helduen kart lehietako podiumak osatzeko; izan ere, minimotard modalitateko gidari batek min hartu du bigarren mangan, eta anbulantziarekin izan diren arazo batzuk tarteko, ez dute finala jokatu bi maila horietan. 

Minimotard modalitateako podiuma Juan Carlos Testonek, Luis Del Valek eta Sergio Ortiz de Landaluzek osatu dute. Helduetan kart txapelketan, berriz, azpeitiar bat izan da onena: Josu Beristain. Bigarren denbora onena egin duen, berriz, Alex Aizpuru azpeitiarra izan da, eta Borja Roman izan da hirugarrena. Azpeitiar gehiagok ere parte hartu dute kart-en lehian, hala nola Jon Bikendi (automatikoetan), Arkaitz Albizuri (KZ), Zigor Etxeberria (X30 automatikoa), Asier Aldalur (KZ) eta Jon Sorozabal (KZ).

Gaurko saioa borobiltzeko, Olaizola anaia zarauztarrek autokros erakustaldia eskainiko dute.