Ikasberri Ikastolako ikasleek eta San Martin egoitzako egoiliarrek askotariko ekintzak egingo dituzte elkarrekin

Uztarria.eus 2019ko ira. 30a, 10:00

San Martin egoitzako kideak Azpeitiko Ikastola Ikasberrin izan ziren joan zen ostegunean; izan ere, ikasturtean zehar egoiliarrek eta ikasleek hainbat ekintza egingo dituzte elkarrekin, bi erakundeek elkarlanerako hitzarmena egin baitute. San Martin egoitzako ordezkariak nahiz bi egoiliar izan ziren ikastolan proiektuaren aurkezpena egiten, eta ikasleek adi-adi entzun zituzten haien azalpenak, San Martin egoitzako kideek azaldu dutenez. "Elkar ezagutzeko eta ideiak elkartrukatzeko aukera izango dute egoiliarrek nahiz gaztetxoek, belaunaldi bakoitzak dituen gaitasunak kontuan hartuta". Iraurgi Ikastetxeak ere badu halako hitzarmen bat San Martin egoitzarekin, eta urtean zehar askotariko ekintzak egiten dituzte ikasleek eta egoiliarrek elkarrekin. Argazkian, San Martineko kideak Ikasberrin. (Argazkia: San Martin egoitza)