Datorren asteartean egingo dute hurrengo Death Cafe saioa

Uztarria.eus 2019ko ira. 18a, 17:26

Urbizixa taldeak antolatutako solasaldian izena eman daiteke dagoeneko, 627 11 78 19 telefonora deituta. Tertulia Basazabal jauregian izango da, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Heriotzari buruz errespetuz hitz egiteko beste Death Cafe saio bat antolatu du Urbizixa taldeak datorren astearterako, irailaren 24rako. Bosgarren solasaldia izango da egun horretakoa, eta ohi bezala, 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute, Basazabal jauregian. Parte-hartzaile kopurua mugatua da, eta horregatik, bertaratu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute 627 11 78 19 telefonora (Izan) deituta.

Otsaileko aldizkarian, 213. zenbakian, Death Cafe saioen inguruko erreportaje luzea egin zuen Uztarriak. Hain zuzen ere, Azpeitiko kafe tertulien sustatzaile Manex Beristainekin eta Iñaki Arregi Izanekin nahiz Death Caferen lehen saioan parte hartu zuten Saioa Garmendiarekin eta Maite Urbietarekin osatu zuen Uztarriak erreportajea, eta honako lotura honetan irakur daiteke.