Beñat Lizaso: "Lasai nago, bai baitakit hau izango dela nire azken txapelketa"

Uztarria.eus 2019ko ira. 20a, 12:28
Beñat Lizaso.

Txapelketaz txapelketa, bospasei aldiz parte hartu du Beñat Lizaso bertsolariak (Azpeitia, 1982) Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Aurten ere bertan izango da, eta azpeitiarrak argi du azken txapelketa izango duela honakoa; hori dela eta, "lasai" dago Lizaso, eta haren helburu bakarra "gozatzea" dela dio. Bihar, zapatua, Ordizian kantatuko du final zortzirenetako kanporaketan, 17:00etan hasita. Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpiroz eta Manex Mujika igoko dira agertokira azpeitiarrarekin.

Bihar hasiko da zuretzat Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gogoz al zaude?

Badut kantatzeko gogoa, baina txapelketak orain arte sortu izan didan ilusioa ere ez dut oraingo honetan. Izan ere, hasieran ez nuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko asmorik. Orain dela bi urte Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartu nuen, eta orduan egin beharrekoak egin nituela sentitu nuen. Txapelketaren antolakuntza taldean sartu nintzenean, ordea, bertan parte hartzeko izen-emate epea gerturatzen zihoan heinean, ezin izan nion izena emateko tentazioari eutsi, eta apuntatu egin nintzen. Dena den, oraingo honetan lasai nago, lasaiegi agian, bai baitakit hau izango dela parte hartuko dudan azken txapelketa.

Nola prestatu duzu txapelketa?

Bertsotan jardutean dago prestakuntzaren gakoa, ez dago sekreturik. Norberak jakin behar du bere buruak non egiten duen huts; nire kasuan, bakarkako ariketan istorioa osatzerako orduan sentitzen naiz ahulen, eta zati hori lantzen aritu naiz. Uda honetan, ikaragarri landu ez badut ere, asko irakurri dut oporretan egon naizenean.

2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan egindako lanagatik zuzenean sailkatu zara aurtengo final zortzirenetara. Lasai al zaude?

Lasai nago, bai. Hainbat bertsolari maiatzean hasi ziren aurre kanporaketetako saioetan kantatzen. Maiatzean kantatzeko urte haiseran-edo prestatzen hasi behar duzu. Nik aurten oso lasai hartu dut txapelketa, irailera arte ez bainuen kantatu beharrik. Sarritan esan ohi dudan moduan, Frantziako tourrean ere hirugarren astera ondo iritsi behar izaten da, eta beste urteetan nazkatuta eta erreta iritsi izan nahiz hainbat saiotara. Oraingo honetan, aldiz, uda hasi arte ez nintzen prestatzen hasi, eta ez nago beste zenbait urtetan bezain erreta.

Bihar Ordizian kantatuko duzu. Nolako aurkariak tokatu zaizkizu?

Talde polita osatuko dugula uste dut, eta aurkari baino kide moduan ikusten ditut tokatu zaizkidan bertsolariak. Eguna iristeko gogo handia dut, eta baita Ordizian kantatzeko ere.

Final laurdenetara sailkatzeko aukerarik ikusten al duzu?

Final laurdenetara sailkatzeko aukerak ditut, eta baita esperantza ere. Gutxienez, lehenengo fasea pasatzea gustatuko litzaidake, fase hori pasatzen ez badut, ez da seinale ona izango (barrez). Orain dela lau eta zortzi urte ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalerdietara iritsi nintzen, eta oraingoan ere posible dela uste dut.  Gainera, parte hartuko dudan azken txapelketa izango denez, amaiera tristea litzateke hasterako kalera joatea. Hori bai, kalera joaten banaiz, besteak ni baino hobeak direlako izan dadila, ez nik huts egin dudalako.

2015eko txapelketan ez zenuen finalera sailkatzerik lortu, baina gertu ibili zinen. Zer oroitzapen duzu orduko hartaz?

Tolosan izan zen finalerdia. Bi aldiz kantatu dut han finalerdietan, eta bietan seigarren postuan gelditu naiz. Oroitzen dut orduko nire helburua finalerdietan kantatzea zela, eta hori lortu nuenez gero, txapelketan egin beharrekoa eginda nuela sentitzen nuen. Motibazio falta nuen, eta lasaiegi joan nintzen txapelketara, anbizio handirik gabe. Neure buruari ez nion sinestarazi eta exijitu finalera heldu nintekeela; gehiago borrokatu behar nuen, eta ez arratsalde pasa joan saiora. Azkenean, ez nuen bertsotan gozatzerik eta ondo pasatzerik lortu. Oraingo honetan, finalerdietara iristen banaiz posible da Tolosan kantatu behar izatea. Hala bada, duela lau urte izan nuen oroitzapen hura ezabatzea gustatuko litzaidake.

Oraingo txapelketan finalera sailkatzeko aukerarik ikusten al duzu, orduan?

Behin finalerdietara iritsita aukera egon badago finalera sailkatzeko. Ez da nire helburua, baina finalerdietara iritsiz gero, esan bezala, borroka egingo dut finalera pasatzeko.

Zein helburu jarri diozu zure buruari?

Saioetara lasai joatea eta gozatzea. Ez daukat gaizki pasatzeko gogorik, nire etorkizuna ez dago honen esku, bizitza eginda daukat jada, eta bertsolaritza zaletasuna da niretzat. Norberak gozatuz gero, gauzak ondo ateratzen dira, eta halaxe egingo dut.