Migratzaileen eta Errefuxiatuen Eguna ospatuko dute hilaren 29an Loiolan

Uztarria.eus 2019ko ira. 19a, 11:12

Gipuzkoako hainbat talderen eskutik ospatuko dute Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna hilaren azken igandean. Ez da soilik migratzaileen kontua lelopean, gaiaren inguruan sentsibilizatu daitezen herritar guztiei luzatu diete deia antolatzaileek.

Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango da hilaren 29a, eta Gipuzkoako hainbat taldek Loiola aukeratu dute egun hori ospatzeko. Gipuzkoako Etorkinen Pastoraltzak, Gipuzkoako Caritasek, Loiolako Santutegiak, Loiola Zentroak eta haren barruko Kulturarteko Mahaiak "indarrak batu" dituzte egitasmoa antolatzeko, eta herritar oro gaiarekin sentsibilizatu dadin, askotariko ekintzak egingo dituzte goizetik arratsaldera bitartean.

Ez da soilik migratzaileen kontua. Lelo hori aintzat hartuta ospatuko dute Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna iraileko azken igandean. Izan ere, egitasmoaren bidez, "utzikeriaren kulturari" eta "axolagabetasunaren globalizazioari" aurre hartu nahi diete antolatzaileek, eta herritar ororen atxikimendua jaso nahi dute bide horretan: "Guztiok parte hartzen dugu abentura honetan. Ez da soilik haiei dagokien kontua, gizaki guztiok osatzen dugun familiaren orainari eta ekitorkizunari dagokiona baizik". Era berean, gogoratu dute "hartu, babestu, bultzatu eta integratu" adierak ez dagozkiela soilik migratzaileei, "herritar guztiei" baizik. "Horiek indarrean jartzeak gizakiaren garapen osoan lagundu dezake; hori da etorkizuneko erronka".

Hori hala izanik, antolatzaileen asmoa da eguna "guztiek batera" ospatzea, eta beraz, etorkinak ez ezik, herritar guztiak elkartu nahi dituzte Loiolan egingo dituzten ekintzetan. Era berean, eskerrak eman dizkiote Azpeitiko Udalari, eguna antolatzen laguntzeagatik.

Hona hemen Migratzaileen eta Errefuxiatuen Nazioarteko Eguneko egitaraua:

10:30. Harrera eta musika.
11:30. Dantza aurkezpena.
12:15. Agintarien hitzartzeak eta erlijio arteko elkarretaratzea.
13:00. Eukaristia basilikan.
14:00. Munduko dantzak eta tailerrak.
15:00. Otordu elkarbanatua.
17:30. Manifestua.