'Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspegitik' jardunaldia egingo dute Soreasun hilaren 14an

Uztarria.eus 2019ko ira. 5a, 16:36
Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoko kideak eta jardunaldiko partaide batzuk, jardunaldia aurkezteko argazkian.

Esparru horrek balioak lantzeko eskaintzen dituen abaguneak jorratuko dituzte, besteak beste, 10:00etatik 13:00etara. Hezkuntzako eragileek eta eskola kiroleko adituek hartuko dute hitza Soreasu antzokian. Jardunaldi irekia eta doakoa da, ez dago aurrez izena eman beharrik eta interesa duen edonork har dezake parte.

Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoak udako oporren aurretik finkatu zituen hasi berri den ikasturterako lanketa zehatzak. Horietako lehendabizikoa da hurrengo astebururako prestatu duten jardunaldia: Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspegitik. Soreasu antzokian egingo dute, hilaren 14an, 10:00etatik 13:00etara. Jardunaldi irekia eta doakoa da, ez dago aurrez izena eman beharrik eta interesa duen edonork har dezake parte.

Herri osoan eta herriko esparru guztietako eragileen jardunean balioen hezkuntzan sakontzea da, finean, Herri Hezitzailea deritzon filosofiaren helburua. Azpeitian duela bi urte hasi ziren egitasmo horretan lanean eta gaur egun herriko ikastetxeak, udala eta herrigintzako eragileak elkar hartuta ari dira lantzen hezkuntza proiektu hori, Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoan.

Iaz, Azpeitiak balioen hezkuntzan dituen indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko hausnarketa prozesua egin eta diagnostikoa zehaztu zituzten. Diagnostiko horretan jasotako erronken artean agertzen da, hain zuzen ere, eskola kirola.

Bultzada eta aitortza

Herriko eragile ugarik parte hartu zuen diagnostikoaren emaitzak aztertzeko antolatu zuten jardunaldian, eta  han eskola kirolak balioak lantzeko duen indarra eta gaitasuna sarri aipatu zituztela azaldu dute Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoaren kideek. "Ondorioz, beharrezkoa iruditu zaigu jardunaldi hau antolatzea, besteak beste, esparru horri gure aldetik bultzada eman nahi diogulako, eta orain arte egin duen ibilbidearen aitortza egiteko ere bai", adieradi du Leire Goenaga udaleko Hezkuntza batzordeburuak.

Eskola kirolak herriko ikastetxeen, udalaren eta gurasoen arteko elkarlanarekin haurren garapenean izan dezakeen garrantzia azpimarratu nahi dute datorren asteko jardunaldiarekin. Horrela azaldu du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak: "Kirolaren bidez, guztiok elkarbanatzen dugun norabidea finkatu eta elkarrekin lan egiteko oinarriak sendotu nahi ditugu balioen hezkuntzan sakontzeko. Beraz, jardunaldi hauetara gonbidatu nahi dugu eskola kirola posible egiten duten persona oro: hezitzaileak, ikastetxeak, gurasoak, teknikariak, kirol elkarteetako kideak, eta nola ez, gaian interesa duen edonor".

Adituen testigantzak

Eskola kirolak Herri Hezitzailearen ikuspegitik eskaintzen dituen abaguneetan sakontzeko hainbat adituren testigantzak eta esperientziak entzuteko aukera izango da hilaren 14an Soreasun.

Bertan, hizlari gisa arituko dira udaleko ordezkariak, herriko ikastetxeetako zuzendariak; Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoko talde eragileko kideak; Kirol Kontseiluko ordezkariak; Alex Astigarraga, eskola kirolean hainbat urtez Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako lanean aritu den profesional azpeitiarra; eta Uxua Gainza, psikomotrizitatean aditua.

Datorren asteko jardunaldian parte hartu nahi dutenek zaintza zerbitzua eskura izango dute. Norbaitek beharko balu, edota informazio gehiago lortzeko, herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera idatzi beharko du.

Egitaraua

10:00etan. Udaleko ordezkariek ongietorria eta jardunaldien aurkezpena egingo dute.

10:30ean. Herriko hiru ikastetxeetako zuzendariek eskola kirola eta horrek hezkuntzan duen garrantzia aztertuko dituzte.

11:00etan. Azpeitia Herri Hezitzailea ekimeneko kide batek herri hezitzailea filosofiaren aurkezpena egingo du, eta eskola kirolarekin duen lotura izango du hizpide.

11:30ean. Atsedenaldia. 

11:45ean. Uxua Gainza eta Alex Astigarraga adituekin mahai ingurua.

13:00etan. Galderentzako tartea eta amaiera.