Azpeitiko hiru bertsolari, Gipuzkoako Txapelketari ekiteko prest

Uztarria.eus 2019ko abu. 28a, 14:12

Oier Etxeberria, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga bertsolari azpeitiarrek parte hartuko dute irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Etxeberriak irailaren 15ean Amasa-Villabonako saioan abestuko du; Lizasok irailaren 21eko Ordiziakoan; eta Urangak irailaren 29an Elgoibarren.

Oier Etxeberria, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga bertsolari azpeitiarrak Gipuzkoako Txapelketari ekiteko prest dira dagoeneko. Izan ere, irailaren 14an hasiko da txapelketa Oñatin, eta Donostiako finala bitartean hainbat saio izango da batean nahiz bestean; horietako bat Azpeitian izango da. Hain zuzen ere, final laurdenetako bat, urriaren 27koa, Soreasu antzokian egingo dute. Oraindik ez dago erabakita zein bertsolari ariko diren kantuan saio horretan, baina duela lau urte final laurdenetara iritsi ziren Alaia Martin eta Oihana Iguaran izango dira zortzi bertsolarietako bi.

Guztira, 48 bertsolarik parte hartuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta horietatik zortzi sailkatuko dira abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera. Lehian ariko diren bertsolarietatik 34k Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta horiei beste 14 bertsolari batuko zaizkie –duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatu ziren horiek–. Beñat Lizaso da hamalau bertsolari horietako bat; izan ere, hark duela lau urteko txapelketan lortu zuen aurtengorako pasea. Jokin Uranga eta Oier Etxeberria, berriz, sailkapen fasetik sailkatu dira txapelketara.

Etxeberriak irailaren 15ean, igandea, Amasa-Villabonako saioan abestuko du, Beñat Iguaranekin, Iban Urdangarinekin, Iñigo Mantzizidorrekin, Maialen Akizurekin eta Odei Lopezekin batera. Lizasok, berriz, irailaren 21eko Ordiziako final zortzirenetako saioan abestuko du, Ainhoa Agirreazaldegirekin, Aitor Urbietarekin, Ane Zuazubiskarrekin, Asier Azpirozekin eta Manex Mujikarekin. Uranga izango da bertsolari azpeitiarren artean kantatzen azkena: irailaren 29an Elgoibarren izango da, eta harekin ariko dira kantuan Ane Labaka, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga eta Unai Gaztelumendi.

Bertsolariez gain, hamabost gai-jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ariko dira lanean txapelketan; tartean da Oihana Aranguren epaile azpeitiarra.

Sarrerak irailaren 2an

Saio guztietarako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezian eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, eta horiek, gainera, bonua ere eskuratu ahalko dute. Bonu horrek finalerako ez beste saio guztietarako balioko du.