Joareen durunda

Uztarria.eus 2019ko abu. 28a, 11:30

Urtean zehar hainbat aldiz ateratzen dira Azpeitiko ttuntturroak kalera. Erritmoa mantenduz, 40 urte daramatzate lagun artean ohiturari eusten. Haien egunerokoa jaso du Nora Alberdi kazetariak 2019ko abuztuko Uztarria aldizkarian, Klik! atalerako.

Sorrera

1979. urtean sortu zuten Azpeitiko joaldunen edo ttuntturroen taldea Pello Aldalurrek eta Mikel Larrañagak –argazkian erdian, beltzez jantzita–. Ordutik, herritar ugarik parte hartu dute taldean. Itsasi dantza taldearekin harreman estua dute; lokala elkarbanatzeaz gain, ttuntturroetako batzuk taldeko dantzari izandakoak dira. Argazkian, hainbat joaldun duela urte batzuk.

 

Hamabi lagun

Joalduna euskal mitologiako pertsonaia bat da. Hainbat dira haren jatorriaren inguruko kontakizunak, artzaintzari lotutakoak gehienak. Baina zenbaitek diote espiritu txarrak uxatzeko eginkizuna duela, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria ematekoa. Gaur egungo joaldun ezagunenak inauterietan Zubietan eta Iturenen (Nafarroa) kalera ateratzen direnak dira. Azpeitiko ttuntturroen taldea hamabi lagunek osatzen dute: hamarrek dunbak soinean dituztela egiten dute ibilbidea, eta beste biek adarra jotzen dute, erritmoa ezartzeko. Taldeko kide zaharrenak 58 urte ditu, eta gazteenak 11; azken horrek zenbait urte daramatza dagoeneko adarra jotzen. Goiko irudian, taldeko bost kide jantziak soinean dituztela. Behekoan, berriz, taldekideetako bat ardi larruzko txalekoa lotzen.

 

Janzkera

Soinean eramaten duten material guztia ondo zaintzen dute, denek itxura bera izan dezaten. Buruan tunturroa eramaten dute, koloredun zintarekin eta oilo lumarekin; lepoan, zapia, nagusiki berdea; soinean, blusa zuria, ardi larruzko txalekoa eta azpikogona zuria, galtza urdinen gainetik; bizkarraldean edo gerrian, bi joare edo dunba –soka bidez lotzen dituzte horiek eta gerria babesteko ardi larrua jartzen dute bueltan–; eskuineko eskuan isipua eramaten dute, zaldi buztaneko ilez egina; eta galtzerdi zuriak eta abarkak oinetan. Irudian, taldeko hiru kide azpikogona zuria janzten.

 

Gogoko lekuan, aldaparik ez!

Gorputzak mugituz eta erritmoa mantenduz, kalean gora eta behera izerditan ikusi ahal izaten dira joaldunak. Nahiz eta Azpeitian aldapa gehiegi ez egon, malda ugari jaitsi eta igotakoak direla gogoratu dute ttuntturroek; tartean, eskailerak ere egokitu izan zaizkiela esan dute. Joaldun jantziekin eskailerak igotzea edo jaistea, zer duten nahiago galdetuta, askotariko iritziak dituzte taldeko kideek. Irudian, joaldunak taldeko kide bati dunbak estu lotzen.

 

Edonorentzat tokia

Probatzeko eta ondo pasatzeko gogoa duen edonor izango da ongi etorria taldean. Hala diote Azpeitiko ttuntturroek. Kuadrilla desberdinetako kideak ezagutzeko, izerdia ateratzeko eta giro ederrean hamaiketakoez, bazkariez nahiz afariez gozatzeko aukera izango dute taldera batzen direnek. Goiko irudian, joaldunak dunbak askatzen. Eskuineko argazkian, berriz, taldeko kiderik txikiena adarra jotzen.

 

Herrian eta herritik kanpo

Azpeitiko ttuntturroak urtean hirutan ateratzen dira herriko kaleetara: Santo Tomas egunez, Olentzeroren etorrerarekin erta Astelehen Karnabal gauean. Azken horretan sortzen den giroa "oso ederra" dela diote taldeko kideek. Herritik kanpora ere bost bat irteera egiten dituzte urtean, hala nola Usurbilera, Urretxura eta Debara (Gipuzkoa). Gainera, hainbat bidaia egin dute Itsasiko kideekin batera, besteak beste, Herbehereetara edo Alemaniara. Azken emanaldia Usurbilen egin zuten, eta joaldunen arabera, besoak zabalik hartu zituzten bertan. Irudian, taldekideak Usurbilen hamaiketakoa egiten.