Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak asteburuan hasiko du denboraldia

Uztarria.eus 2019ko abu. 22a, 11:54
Lagun Onakeko taldea denboraldi-aurreko entrenamendu batean. (Lagun Onak)

Denboraldi aurrean denetariko emaitzak lortuta, hainbat fitxaketa eginda eta taldea osatuta, asteburu honetan hasiko du Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak 2019-2020 denboraldia. Espainiako Hirugarren Mailako sasoi berriko lehen neurketa igandean jokatuko du, Santurtziren kontra, etxetik kanpo, 11:15ean hasita. Bazkideek bihar eta etzi jaso ahal izango dituzte denboraldirako txartelak, Garmendipeko leihatilan.

2019-2020 denboraldiari ekiteko prest da dagoeneko Lagun Onakeko gizonen lehen taldea; izan ere, asteburuan hasiko da Espainiako Hirugarren Mailako lehia. Lagun Onakek Santurtziren kontra neurtuko ditu igandean, etxetik kanpo; 11:15ean hasiko da norgehiagoka, Santurtziko San Jorge futbol zelaian. Etxeko lehen partida, berriz, datorren asteburuan jokatuko dute Lagun Onakeko mutilek, Durangoren kontra.

Denboraldi-aurreko entrenamendu saioak uztailaren 9an hasi zituen Lagun Onakeko gizonen talde nagusiak, eta orduz geroztik lagunarteko bost neurketa jokatu ditu. Denetariko emaitzak lortu ditu; izan ere, jokatutako bost partida horietatik bi irabazi, bi galdu eta bat berdindu ditu. Lehen neurketa Realaren kontra jokatu zuten mutilek joan zen uztailaren 13an, eta 0 eta 5 galdu zuen Azpeitiko taldeak. Bigarren partida ere etxean jokatu zuen Aretxabaletaren aurka, eta aise nagusitu zen Lagun Onak, 3 eta 0 irabazi baitzuen lehia hura. Hirugarren partida ere etxean jokatu zuen taldeak; 3 eta 1 nagusitu zen Tolosaren aurka. Laugarrena, berriz, Beasainen kontrako norgehiagoka izan zen, eta 3 eta 2 galdu zuen taldeak. Azken partida, Real Unionen kontrakoa, joan zen ostiralean izan zen, eta bana berdindu zuten bi taldeek.

Taldeko aldaketak

Ohikoa den moduan, denboraldi berriaren atarikoan hainbat aldaketa izan dira gizonen lehen taldean; jokalari batzuek utzi egin dute Lagun Onak, eta beste batzuk batu dira taldera. Talde teknikoari dagokionez, Aitor Zubizarretak jarraituko du entrenatzaile postuan –joan zen otsailean hari egindako elkarrizketa honako lotura honetan irakur daiteke–, eta haren laguntzailea Mikel Elizegi izango da. Prestatzaile fisiko lanetan, berriz, Francisco Javier Sanchez ariko da, eta Juan Luis Urbieta nahiz Jose Mari Perez izango dira delegatuak.

Jokalariei dagokienez, berriz, honako fitxaketa hauek egin ditu taldeak: Aitor Andreano euskarria, Xabier Gereta aurrelaria, Ekhi Gonzalez aurrelaria, Luken Iturrino erdilaria eta Joseba Manterola aurrelaria. Taldean jarraituko duten jokalariak ere hainbat dira: Aitzol Aizpurua atezaina, Martin Artetxe atezaina, Erik Aranburu euskarria, Oinatz Elustondo atzelaria, Sergio Barquero atzelaria, Igor Gonzalez atzelaria, Aimar Leunda atzelaria, Hodei Tena atzelaria, Ugaitz Kerejeta erdilaria, Jon Etxaburu aurrelaria eta Joanes Otamendi aurrelaria.

Aldiz, honako jokalari hauek utzi dute Lagun Onakeko gizonen lehen taldea: Julen Aranburu (futbola utzi du), Simon Aranguren (Sestaon ariko da), Ander Arteaga (futbola utzi du), Julen Arufe (futbola utzi du), Sergio Cayetano (Pasaian ariko da), Iñigo Celihueta (Portugaleten ariko da), Luis Egaña (futbola utzi du), Gorka Marcos (Arenasen ariko da), Ion Orbegozo (futbola utzi du) eta Ignacio Renovales (futbola utzi du).

Bazkide txartelak

Sasoi berrirako bazkide txartelak banatzen hasi da futbol kluba, eta bihar nahiz etzi ere eskuratu ahal izango dira horiek Garmendipeko leihatilan. Ostiralean, 18:30etik 19:30era banatuko dituzte, eta zapatuan, berriz, 11:00etatik 12:00etara bitartean.