Hil egin da Oñatz auzoan zezen batek kolpatu duen gizona

Uztarria.eus 2019ko abu. 18a, 15:16

Ertzaintzaren arabera, Oñazko bizilaguna da hildako 68 urteko gizona. Goizean baserri bateko itxituratik ihes egin duen zezen batek emandako kolpearen ondorioz zendu da. Ertzaintza eta Udaltzaingoa ihes egin duen zezenaren bila aritu dira, eta tiroz hil du Ertzaintzak animalia.

68 urteko gizon bat hil da gaur, igandea, Oñatz auzoan, zezen batek kolpatuta. Ertzaintzaren arabera, auzoko baserri bateko itxituratik ihes egin du zezenak, eta orduan eman dio gizonari kolpea. Hain zuzen ere, poliziak Uztarria.eus-i azaldu dionez, 11:40 aldean jaso dute larrialdi zerbitzuek deia, eta Ertzaintza eta bi anbulantzia bertaratu dira gertaeraren lekura. Bertan aritu dira Oñazko bizilaguna artatzen, baina hil egin da buruan hartutako kolpeen ondorioz. Ertzaintza eta Udaltzaingoa ihes egin duen zezenaren bila aritu dira, eta tiroz hil du Ertzaintzak. Lan horretan ari zen udaltzain bateek zauri arinak jasan ditu, eta Zumarragako ospitalera eraman dute.