Josetxo Brey: "Benetan harro egoteko moduko lorpena da Baliko Nazioarteko Abesbatza Jaialdikoa"

Uztarria.eus 2019ko abu. 14a, 12:30
Josetxo Brey Balin lortutako urrezko bi dominekin.

Joan zen uztailean Indonesian jokatutako Baliko Nazioarteko VIII. Abesbatza Jaialditik bi urrezko dominarekin itzuli zen Josetxo Brey (Azpeitia, 1994) abeslaria. Oso gustura da Errenteriako Landarbaso abesbatzak lortu duen balentriarekin. Azpeitiarrak abesbatza horrekin lortu dituen lehen nazioarteko sariak izan dira Balin eskuratutakoak.

Errenteriako Landarbaso abesbatzarekin Indonesian izan zara, Baliko VIII. Abesbatza Jaialdian. Zer moduzko esperientzia izan da?

Esperentzia ikaragarria izan da, benetan aberasgarria. Hainbat herrialdetako abesbatzekin lehiatzeaz gain, horiek ezagutzeko aukera ere izan dugu. Gurearekin alderatuta, oso desberdina da Asiako abesbatzen soinua eta abesteko era. Taldearentzat ere benetan motibagarria izan da era honetako txapelketa batean perte hartzea eta irabaztea.

Nolako egunak bizi izan zenituzten han?

Balira iritsi eta hiru egun pasatu arte ez genuen kontzerturik. Beraz, lehen egunetan entseguak eta teknika saioak egiteaz gain, Kuta hiria eta ingurua ezagutzeko aukera izan genuen. Txapelketako egunak igaro ondoren, berriz, Ubud izeneko eskualdera joan ginen, eta beste hiru egun igaro genituen bertan. Besteak beste, Jatiluwih-eko arroz plantazioak, Nung Nung-eko ur jauziak, Batur sumendia edota zenbait tenplu bisitatu genituen.

Erlijio musikan eta koru mistoen arloetan lehiatu zarete. Zer dela eta?

Landarbasok polifonian zein erlijio musikan kalitate handiko lana egin ohi du urte osoan zehar; gure taldearen espezialitatea hori dela esan genezake. Izatez, folklore modalitatean ere lehiatzeko asmoa genuen, baina tamalez, bi arlotan baino ezin izan genuen parte hartu.

Zer berezitasun dituzte bi arlo horiek?

Baliko lehiaketan hamabost musika modalitate inguru daude –abesbatza mistoak, erlijio musikak, gazte abesbatzak, gospel abesbatzak eta abar–. Lehiatu garen bi arloak dira, dudarik gabe, garrantzi handiena dutenak, eta era berean, exijentzia maila altuena dutenak. Izan ere, parte-hartzaile kopuru handiena bi arlo horietan izan zen. Are gehiago, lehiaketan lortutako puntuaziorik altuenak bi arlo horietan eskuratu zituzten abesbatzek.

Bi horietan urrezko dominak eskuratu dituzue. Gustura al zaudete lorpenarekin?

Oso pozik gaude lortutako emaitzekin; izan ere, bi arloetan mailarik altuena eman duen abesbatza izan gara. Horrez gain, lehiaketako Grand Prix-a irabazi dugu; hau da, modalitate bakoitzeko irabazleen artean jokatutako finala. Historian era honetako saria lortu duen hirugarren euskal abesbatza izan da Landarbaso. Benetan, harro egoteko moduko lorpena dela uste dut.

Zer herrialdetako abesbatzak aritu zarete txapelketan parte hartzen?

Lehiaketan parte hartu zuten abesbatza gehienak Asiakoak ziren, Indonesia bertakoak zein inguruko herrialdeetakoak. Ehun abesbatza ingurutik Asiakoak ez ziren bi koru baino ez zeuden: Sudafrikako abesbatza bat eta Landarbaso abesbatza.

Nazioarteko txapelketetan parte hartu izan du Landarbasok. Are gehiago, hamalau nazioarteko sari jasotakoa da abesbatza. Zure lehen nazioarteko saria izan al da Indonesiakoa?

Landarbasorekin irabazitako lehen saria izan da niretzat, bai. Hala ere, ez da izan nazioarteko txapelketa baten parte hartu dudan lehen aldia. Bali bezain urruti ez dagoen arren, aipatzekoa da 2018ko azaroan Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan parte hartu genuela, haren 50. urteurrenean. Tolosako abesbatza lehiaketa oso erreferentea da nazioarteko mailan. Bertan parte hartu dugun bi edizioetan derrigorrezko abestiak izan dira zenbait modalitatetan Idoia Azurmendi azpeitiar konposatzailearen abestiak.

Azpeitiarra izanik, nolatan abesten duzu Errenteriako koruan?

Landarbasora Felipe Murilloren bitartez iritsi nintzen. 2017ko abuztuan, Carmina Burana abestu behar zuen abesbatzak Donostiako Musika Hamabostaldian, eta baxu-baritono bat gehiago behar zuten. Felipek parte hartzen zuen emanaldian, eta taldeko zuzendariak norbait eramateko eskatu zion. Ondoren, uda hartan bertan, Japoniako jaialdi batean abesteko norbait behar zutela eta, hara joateko aukera eskaini zidaten, eta orduz geroztik nabil Landarbason.

Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzan ere aritutakoa zara. Taldean segitzen al duzu?

Ez, gaur egun ez dut Julian Barrenetxea abesbatzean jarraitzen. Duela urte batzuk, Azpeitiko lagun batzuk KBeat izeneko ahots taldea sortu genuen, eta gaur egun bertan aritzen naiz. KBeat taldea herriko beste kultur taldeekin eta elkarteekin elkarlanean ari da hamaika proiektutan parte hartzen. Horietan azkena ETBko Oholtzan saioaren grabaketa izan zen. Era berean proiektu propioak sustatzen ari gara, baita datorren ikasturtera begira ere.

Zer du berezia Landarbaso abesbatzak?

Lagun talde jatorrak osatzen du Landarbaso. Horrelako talderik gabe, ezinezkoa litzateke hainbeste entsegu, kontzertu eta lan ordu gustora egitea. Musikalki, benetan deigarria iruditzen zait koruak lortu duen kalitatezko soinua eta nazioartean duen erreferentziazko lekua, guztiz amateurra den koru bat izanik.

Nondik datorkizu kanturako afizioa?

Txikitatik egin dudan zerbait da, Juan Antxieta musika eskolako eta Iraurgi Ikastetxeko abesbatzetan hasi nitzenetik. Nire amamak beti gogoratu izan dit 3 urterekin El toro y la luna abesten niola. Gaur egun ere gustora entzuten ditu Landarbasorekin edo beste zenbait abesbatzarekin egiten ditudan kontzertuez edo bidaiei buruz kontatzen dizkiodanak. Bestalde, bi izebarekin ere abestu nuen urte pare batez Julian Barrenetxea abesbatzan.