Salgai daude Soziedad Alkoholikaren kontzerturako sarrerak

Uztarria.eus 2019ko abu. 15a, 12:00

Azaroaren 9an, larunbatean, eskainiko du kontzertua Arabako taldeak, Sanagustin kulturgunean. Sarrerek 16,5 euro balio dute, eta Sanagustinen zein Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke.

Soziedad Alkoholika Arabako taldeak kontzertua eskainiko du azaroaren 9an, larunbatean, Sanagustin kulturgunean. Kulturaz Kooperatibak dagoeneko jarri ditu emanaldirako sarrerak salgai 16,5 eurotan, eta herritarrek kulturgunean bertan eta kulturaz.eus atarian eros ditzakete horiek. Azaroaren 9an, 22:30ean hasiko da musika emanaldia Saia Goait Mutrikuko taldearen eskutik, eta jarraian Soziedad Alkoholikaren txanda izango da.

Soziedad Alkoholika (SA ere deitzen zaio) 1988an Gasteizen (Araba) sortutako crossover thrash musika taldea da. Juan (ahotsa), Jimmy (gitarra), Oskar (gitarra), Roberto (bateria) eta Iñaki (baxua) izan ziren taldearen hasierako partaideak. Militarismoa, faxismoa, arrazakeria edota sexismoa dira beren letretan gogor kritikatzen dituzten gaietako batzuk. Disko kopuru handia saldu dute (350.000 baino gehiago), eta 1995ean, Ratas zuzeneko albuma Urrezko Diskoa izatera iritsi zen, Espainiako estatuan 50.000 ale baino gehiago salduta.