Frantziako Tourraren hemeretzigarren etapa, atzokoa, Saint Jean de Maurienne eta Tignes artekoa, ez zen aurreikusitako helmugara iritsi. Ekaitz batek errepidean eragindako eragozpenak tarteko, Iserango mendatean txirrindulariak gelditu eta etapa bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek (azalpen zabalagoa, Berriaren albiste honetan).
Ondorioz, eta sailkapenei begira, beste erabaki hau ere hartu zuen Tourrak: Iserango tontorrean hartutako denborekin eguneratu dute sailkapen orokorra, lider aldaketa eta guzti, baina etaparen sailkapenik ez ematea erabaki dute.
Hori dela eta, eta hainbat aukera aztertu eta gero, Uztarriak ere Pourrean atzoko etapa hutsik uztea erabaki du. Etapaz etapa, sailkapeneko lehendabiziko hamar txirrindularien zerrendarekin eguneratzen du Uztarriak Pourra; sailkapen hori, beti, Tourrak berak ematen duena izaten da. Kasu honetan, Tourrak etaparen sailkapenik eman ez duenez, Uztarriak ere ez du emango berea Pourrean, eta Pourrak ez du punturik banatuko Saint Jean de Maurienne-Tignes etapan, erabaki justuena dela iritzita.
Bi etapa gelditzen dira Tourra eta Pourra osatzeko, gaurkoa eta biharkoa. Horien emaitzei bihar azken sailkapen orokorrarena, mendikoa, erregulartasunarena eta taldekakoa gehituta, jakingo da nork irabazi duen aurtengo Pourra.
Barkatu eragozpenak, eta zorte on parte hartzaile guztiei!