Hiru azpeitiarrek parte hartuko dute irailaren 14an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko uzt. 16a, 16:20
Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria txapelketaren aurkezpenean. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Hamasei saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Bertsolari Txapelketak. Beñat Lizasok, Jokin Urangak eta Oier Etxeberriak parte hartuko dute txapelketan. Final laurdenetako bat Azpeitian izango da: urriaren 27an, igandez, Soreasu antzokian. Guztira, 48 bertsolari ariko dira lehian, eta horietatik zortzi sailkatuko dira finalera.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak badu hasiera data: irailak 14. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Asteasun (Gipuzkoa), hangoa zen Pello Errota bertsolaria hil zela ehun urte betetzen direlako aurten, eta hari zein Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrari keinu egin nahi izan diolako Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

Hamasei saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Lehen saioa Oñatin izango da, eta finala Donostian, baina tartean Azpeitian ere egingo du geldialdia txapelketak. Izan ere, urriaren 27an, igandez, final laurdenetako bat jokatuko dute Azpeitiko Soreasu antzokian. Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek saio horretan kantatuko dute –duela lau urte final laurdenetara iritsita, matematikoki sailkatuta daude–, eta final zortzirenetako saioetan erabakiko da gainerako zein sei bertsolari ariko diren horiekin batera Soreasun.

Guztira, 48 bertsolari ariko dira lehian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta horietatik zortzi izango dira Donostiako Ilunben jokatuko den finalean. Lehian ariko diren bertsolarietatik 34k Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta horiei beste 14 bertsolari batuko zaizkie –duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatu zirelako lortu zuten txartela–. Eskualdeko hainbat bertsolarik kantatuko du txapelketaren aurtengo edizioan, tartean hiru azpeitiarrek: Beñat Lizaso, Jokin Uranga eta Oier Etxeberria. Lizasok duela lau urteko txapelketan lortu zuen aurtengorako pasea; Uranga eta Etxeberria, berriz, sailkapen fasetik sailkatu dira.

Etxeberriak irailaren 15ean, igandea, Amasa-Villabonako saioan abestuko du, Beñat Iguaranekin, Iban Urdangarinekin, Iñigo Mantzizidorrekin, Maialen Akizurekin eta Odei Lopezekin batera. Lizasok, berriz, irailaren 21eko Ordiziako final zortzirenetako saioan abestuko du, Ainhoa Agirreazaldegirekin, Aitor Urbietarekin, Ane Zuazubiskarrekin, Asier Azpirozekin eta Manex Mujikarekin batera. Uranga izango da azpeitiar bertsolarien artean kantatzen azkena: irailaren 29an Elgoibarren izango da, eta harekin ariko dira kantuan Ane Labaka, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga eta Unai Gaztelumendi.

Bertsolariez gain, hamabost gai-jartzaile, hamasei epaile eta lau idazkari eta laguntzaile ariko dira lanean txapelketan; tartean da Oihana Aranguren epaile azpeitiarra.

Sarrerak irailaren 2an

Saio guztietarako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezian eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, eta horiek, gainera, bonua ere eskuratu ahalko dute. Bonu horrek finalerako ez beste saio guztietarako balioko du.

Txapelketaren abestia Don Inorrez taldeak egin du, Pello Errotaren heriotzaren urtemuga abiapuntu hartuta. Irudia ere abiapuntu beretik sortu dute, gainera. Aurkezpenean Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, irudiarekin bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak erroten gisan funtzionatzen dutela irudikatu nahi izan dute: "Askotariko gaiak uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka, eta emaitza horrekin elikatuz".

Txapelketaren gaineko informazio guztia www.bertsozale.eus webgunean eskura daiteke.