Patxi Brey: "Ez dut inongo arazorik eduki ingelesarekin"

Uztarria.eus 2019ko uzt. 5a, 17:08
Patxi Brey, Corkeko lantokian.

Orain hiru urte joan zen Irlandara, ikastera. Familia eta lagunak faltan sumatzen baditu ere, han jarraitzen du lanean azpeitiarrak, Cork hirian. Hantxe bertan atalerako elkarrizketa egin dio Mireia Galarza kazetariak Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian.

Nolatan bizi zara Irlandan?

2016ko otsailean praktikak egitera etorri nintzen Corkera. Bi hilabete igarota, nire sorpresarako, leku berean lan eskaintza bat egin zidaten. Bi urte eta erdi inguru pasatu nituen enpresa hartan lanean, baina orain, enpresentzako zibersegurtasun softwareak egiten dituen Keeper Security konpainian egiten dut lan; Europa hegoaldeko salmentez arduratzen naiz.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Astelehenetik ostiralera egiten dut lan, 09:00etatik 17:00etara. Egunerokoan bestelako enpresekin hitz egiten dut gehienbat, eta horiei gure produktuen nondik norakoak azaltzen dizkiet. Arratsaldeetan neskalagunarekin edo lagunekin elkartzen naiz. Kirola ere egiten dut, astean hirutan gutxi gorabehera. Aste bukaeretan, aldiz, deskantsatzeko aprobetxatzen dut. Hala ere, tarteka inguruko herriak ezagutzera joatea ere gustatzen zait.

Azpeitiko bizimoduarekiko aldaketa sumatu al duzu?

Desberdintasun handiena ordutegia izan da;  Corken ez dugu 19:00ak baino beranduago afaltzen, eta dendak 18:00etarako ixten dituzte. Parrandei dagokienez, hemen ez dago gaupasa egiterik, ez behintzat tabernetan, 02:00etan ixten baitituzte.

Dioten bezain ona al da Irlandako garagardoa?

Zalantzarik gabe. Ez zapore eta kalitate aldetik soilik, hemen aukera ere askoz zabalagoa da. Irlandan normala da taberna batean hogei garagardo mota aurkitzea, eta beraz, inork ez dauka aitzakiarik garagardorik ez edateko. Nire garagardo gustukoena Chieftain IPA da.

Ingelesarekin ondo?

Bai, ez dut inongo arazorik eduki. Hiru urte hauetan asko ikasi dut, egunero erabiltzen dudan hizkuntza baita ingelesa. Ez da nire ama hizkuntza, baina euskaraz edo gaztelaniaz dudan erraztasunarekin hitz egiten dut jada.

Antzekotasunik ba al dute Azpeitiak eta Corkek?

Ez askorik, baina eguraldiari eta paisaiari dagokienez, apur bat bai. Euskal lurrak askoz ere menditsuagoak dira, baina hemen ere ohikoa da inguruan baso eta leku berdeak aurkitzea. Aldiz, neguko hotza gogorragoa da Azpeitian, eta uda zein udaberria hotzagoak dira.

Zerbait sumatzen al duzu faltan?

Bai, noski: familia, lagunak, festa giroa eta janari aukera. Dena den, herrimina murrizteko Euskaldunak Corken taldea sortu nuen Facebooken, eta jada ehun pertsona inguru gaude bertan. Sarri-sarri elkartzen saiatzen gara.