Urrezko Bikain ziurtagiria jasoko du Landeta Burdin Lanak enpresak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 4a, 15:32

Urrezko Bikain ziurtagiria jasoko du aurten ere Azpeitiko enpresa batek. Hain zuzen ere, Landeta Burdin Lanak da esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen eta aitortzen duen ziurtagiria jasoko duena. Eusko Jaurlaritzak ematen ditu Bikain ziurtagiriak eta hiru maila bereizten dituzte horien artean: oinarrizkoa (beltza), tartekoa (zilarrezkoa) eta goi mailakoa (urrezkoa). Maila gorenekoa eskuratu du, beraz, Landeta Burdin Lanakek. Hain zuzen ere, industria arloan maila horretako ziurtagiria jasoko duen Azpeitiko lehendabiziko enpresa da.

Abenduan egingo du Eusko Jaurlaritzak aurtengo Bikain ziurtagiriak banatzeko ekitaldia, baina Azpeitiko Udalaren aitortza jaso du dagoeneko Landeta Burdin Lanak enpresak, Nagore Alkorta alkatearen era Eneritz Albizu Euskara batzordeburuaren eskutik; Kepa Alberdi eta Beñat Arrizabalaga enpresako arduradunekin elkartu dira udal ordezkariak, enpresan bertan (argazkia). Izan ere, udaleko Euskara Patronatuak eskaintzen duen Elegune programaren laguntzarekin osatu ditu enpresak Bikain ziurtagiria lortzeko bidean eman beharreko pauso guztiak.

"Bere sorreratik Landeta Burdin Lanak enpresak euskara izan du oinarri. Hasiera-hasieratik izan dute helburu euskarak gero eta presentzia gehiago izatea beraien egunerokoan, eta 2007tik modu ordenatu eta progresibo batean egin dute, Elegune programaren bidez. Urte horretan euskara plana egiteari ekin zioten, 2012an enpresako hizkuntza politika zehaztu zuten, eta pausoz pauso, 2019an Bikain Urrezko ziurtagiria jasoko dute", azaldu dute udal arduradunek. Landeta Burdin Lanakeko arduradunentza eta langileentzat esker oneko eta aitortza hitzak izan dituzte Alkortak eta Albizuk. "Enpresek ere euskaraz egin dezaketela frogatzen duzue zuek zuen egunerokoarekin. Industrian ere euskara lan tresna dela ikusten da zuen enpresan, eta Azpeitiko zein Euskal Herriko enpresa askorentzat eredu zarete", esan die alkateak. Euskara batzordeburuak, berriz, guztien inplikazioa nabarmendu nahi izan du: "Txalotzekoa eta baloratzekoa da egin duzuen ahalegina, ausardiaz hartu dituzue erabakiak eta aldaketetarako prestutasuna erakutsi duzue. Bikain ziurtagiria ateratzeko, nabarmena da zuzendaritzak zein langileek inplikazio handia izan duzuela. Izan ere, horrek erakusten du euskara lan-prozesu guztien erdigunean jarri duzuela, eta kudeaketarako zein lanerako hizkuntza bihurtu duzuela. Horrek erreferentzialtasuna ematen dio hizkuntzari, eta zuen zerbitzuarentzat balio erantsia da".

Enpresaren arduradunek, berriz, azpimarratu dute "ezinbestekoa" izan dela berentzat Elegune zerbitzuaren laguntza: "Nahi izatea ez da askotan nahikoa izaten, eta Eleguneren bidez lana antolatu eta pausoak zehazten joan gara".

Argazkian, ezkerretik eskubira, Nagore Alkorta, Kepa Alberdi, Beñat Arrizabalaga eta Eneritz Albizu. (Azpeitiko Udala)