Azpeitiko Udalak bat egin du LGTBQ+ kolektiboaren sexu askatasunaren aldeko egunarekin

Uztarria.eus 2019ko eka. 28a, 14:03
Ostadar koloreko bandera, udaletxeko balkoian. Azpeitiko Udala)

Adierazpen instituzionala plazaratu eta, azken urteetan ohikoa duenez, ostadar bandera jarri du udaletxeko balkoi nagusian.

Gaur, ekainak 28,LGTBQ+ kolektiboaren sexu askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna da, eta Azpeitiko Udalak aurten ere bat egin du data horri lotutako aldarrikapenekin. Hain zuzen ere, adierazpe instituzionala plazaratu du Udalak, eta azken urteetan egin izan duen bezala, gaurkoan ere LGTBQ+ kolektiboaren ikur den ostadar bandera jarri du udaletxeko balkoi nagusian.

Gaurkoa "orain arteko lorpenak ospatu eta oraindik lortu gabe ditugun oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eguna" dela dio Udalak adierazpenean, "eta, bereziki, aitorpen bat egin nahi dio gayen, transexualen, transgeneroen, bisexualen eta queer-en mugimenduari, baita mugimendu feministari ere, horiek jakin baitute sexu eskubideen alde borrokatzen, eta jendarte multzoak sexuari, generoari eta sexu ohiturei buruz dituen estereotipoen kontra egiten".

Erakundeak sei konpromiso zehatz ere zerrendatu ditu adierazpen instituzional horretan. Hau da, osorik, zabaldu duen adierazpena:

"Aurten ere ekainaren 28an, LGTBQ kolektiboaren sexu askatasunaren aldeko Nazioarteko Eguna ospatuko da. 1969ko ekainaren 28ko gauean, New Yorkeko Stonewall pubean, transexual, lesbiana eta gay talde bat matxinatu zen, poliziek eginiko abusuak salatu eta haien eskubideak aldarrikatzeko.

Egun hau, beraz, orain arteko lorpenak ospatu eta oraindik lortu gabe ditugun oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko eguna dugu. Azpeitiko Udalak ozen aldarrikatu nahi du, sexu portaerak eta joerak libreki aukeratzeko dugun eskubidea. Eta, bereziki, aitorpen bat egin nahi dio gayen, transexualen, transgeneroen, bisexualen eta queer-en mugimenduari, baita mugimendu feministari ere, horiek jakin baitute sexu eskubideen alde borrokatzen, eta jendarte multzoak sexuari, generoari eta sexu ohiturei buruz dituen estereotipoen kontra egiten.

Sexua, generoa eta sexualitatea norberaren identitatearen osagaiak direla adierazi nahi dugu, eta beraz, erabateko askatasunez aukeratu beharrekoak. Oinarrizko giza eskubideei buruz ari gara, beraz!

Horregatik, Azpeitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu bere gain:

1. Geure egitea pertsona lesbiana, gay, transexuala eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzearen aldarrikapena, sexu joera eta identitate ezberdinak normalizatzeko helburuarekin. Horren adierazgarri, ekainaren 28an udaletxeko balkoian ostadar koloreko ikurra jarriko dugu.

2. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak indartzea lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko jarrerak aldatu eta aurreiritzi eta susmoak ezabatzeko.

3. Aurtengo festetan arreta berezia jartzea LGTB+ kolektiboak jasaten dituen eraso matxistei, eta horien prebentziorako neurriak hartzea.

4. Prestakuntza programen edo bestelako tresna batzuen bidez beharrezko baliabideak ematea Azpeitiko ikastetxeei eta hezitzaileei, bazterketa prebenitzeaz gain, ikasleen nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak osotasunez garatu ahal izateko. Horretarako hezkidetza, tratu onak eta sexualitatea programa indartuko dugu eta lan eremua zabalduko dugu.

5. Plax! sexu aholkularitza zerbitzua indartzea, azpeitiar guztiok gure sexualitatea eta harremanak askatasunez bizitzeko baiabideak eskaintzeko.

6. Azpeitiarrei dei egitea ekainaren 28rako mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetara parte hartzera".