Eider Bereziartuak irabazi du Donostiako Triatloi Herrikoia

Uztarria.eus 2019ko eka. 12a, 11:47

Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991) nagusi izan zen joan den igandean jokatu zen Donostiako V. Triatloi Herrikoian. SuperSprint deritzon distantzian jokatu zen proba (igerian 0,375 kilometro, bizikletan 10 kilometro eta korrika 2,5 kilometro), Ondarretako hondartzaren inguruan, eta Bereziartuak 38 minutu eta 22 segundo behar izan zituen proba osoa betetzeko. Igeriketakoa laugarren tokian bukatu ondoren, bizikletako proban jarri zen azpeitiarra lasterketaren buruan, eta aurreneko tokiari eustea lortu zuen oinezko lasterkaldian. Federatu gabeko kirolarientzako triatloia zen igandekoa. 169 kirolarik parte hartu zuten, 122 gizonezkok eta 47 emakumezkok; guztiak batera atera ziren, eta sailkapen nagusi mistoan 26.a izan zen Bereziartua.

Iraurgi Saskibaloiko jokalari ohia, aurreko denboraldiaren amaieran saskibaloia utzi ondoren ekin dio Bereziartuak triatloiari. Hain zuzen ere, Donostiakoa izan da parte hartu duen bigarren triatloia; Hondarribian estreinatu zen, maiatzean, eta zazpigarren sailkatu zen han. "Oso pozik nago, ez nuen espero horrelako emaitzak lortzea. Aurten triatloian hasi naiz probatze aldera eta orain artekoak aurrera segitzeko motibazioa ematen dit", adierazi dio azpeitiarrak Uztarriari.