Herriartekoaren finalerdietako joaneko partidetara Azkoitira joateko autobusak jarriko dituzte

Uztarria.eus 2019ko eka. 11a, 12:41

22:00etan izango dira Herriarteko Txapelketako finalerdietako joaneko partidak Gurea pilotalekuan. Ilunpek hara joateko autobusak jarri ditu: 21:00etan aterako da bat eta 21:30ean bestea, anbulatorioaren aurretik.

Azpeitiko pilotariak indartsu ari dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, baina baita Azkoitikoak ere. Eta hain zuzen, bi talde herri horiek neurtuko dituzte indarrak txapelketaren finalerdietan. Joaneko partidak ostiralean izango dira Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 22:00etan hasita, eta Azpeititik hara joateko autobusak antolatuko ditu Ilunpe pilota elkarteak. Anbulatorioaren aurretik aterako dira autobusak; lehena 21:00etan eta 21:30ean bigarrena. Herritarrak autobus horietan joan ezinik gelditzen badira, beste joan-etorri bat egingo dute horiek. Partidak bukatzena itzuliko dira autobusak Azpeitira.

Herriartekoaren zazpigarren txapelaren bila egiten ari den bidean, partidarik galdu gabe iritsi da Azpeitia, egungo txapelduna, finalaurrekoetara; bi kanporaketa jokatu ditu, final zortzirenetakoa Donostiaren kontra eta final laurdenetakoa Hernaniren kontra, eta bietan partida guztietan nagusi izan dira markagailuan azpeitiarrak.

Duela bi urte ere topo egin zuten Azpeitiak eta Azkoitiak Herriartekoan. Orduan, final laurdenetako kanporaketa jokatu zuten elkarren kontra, eta Azpeitiak irabazi zuen, joanekoan Frontoi Txikian 3 eta 0 eta itzulerakoan Azkoitiko Gurean 1 eta 2 irabazi ondoren.