Enrique Barrenetxea-Arando eta Maider Usandizaga nagusi, Azpeitiko XX. Rallysprintean

Uztarria.eus 2019ko eka. 9a, 12:03

Azpeitiko XX. Rallysprinta jokatu zuten atzo, larunbata, Lagun-Artea taldeak antolatuta. Faborito argirik ez zela azaldu zuten antolatzaileek, baina azkenean, Durangaldeako Enrique Barrenetxea-Arando eta Maider Usandizaga izan ziren garaileak, 24:47 denborarekin. Haien atzetik sailkatu ziren Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (25:05), eta hirugarren postuan, Joseba Lasa eta Maitane Martiarena (25:34).

Azpeitiarrak ez ziren sartu atzoko podiumean, baina laugarren eta bosgarren postuak herrian gelditu ziren: Jokin Aiertza eta Joseba Bikendi laugarren sailkatu ziren (25:40), eta Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta bosgarren (25:47). Era berean, Lopene eta Arriaran izan ziren beren mailan onenak, eta Iker Zinkunegi eta Aratz Aizpuru nagusitu ziren FL mailan.

Euskal Herriko eta Gipuzkoako Rallysprint Txapelketako hirugarren proba puntuagarria izan zen atzokoa. Errezilera bidean hasi zen proba, eta handik Aizarna aldera bideratu ziren autoak, hamabost kilometroko bidea osatuz. Hiru zati izan zituen probak. Azken urteetan baino parte-hartzaile gutxiago izan baziren ere –45ek eman dute izena–, lehia ederra izan zen atzokoan.