Nuarbe, beti aurrera

Uztarria.eus 2019ko eka. 5a, 17:21
Xebastian Gurrutxaga eta IƱaki Altuna, Sokatiraren Museoan. (Mailo Oiarzabal)

Sokatiraren historian lerro garrantzitsuak idatzi zituen taldearen sekretuez badakite zerbait Iñaki Altunak eta Xebastian Gurrutxagak. Nuarbe, 29 urteko soka liburua aurkeztu berritan, haiekin hitz egin du Mailo Oiarzabal kazetariak 2019ko maiatzeko Uztarria aldizkariaren Atzera begira ataleko erreportaje hau osatzeko.

Martxoaren bukaeran aurkeztu zuten Nuarbeko sokatira taldearen historia jasotzen duen liburua. Zerotik zeruraino iritsi zen talde haren ibilbidea xehe azaldu du Laxaro Azkunek, lan mardulean. Ez dira asko ia hiru hamarkadako ibilbide horretan hasieratik bukaeraraino aritu ziren taldekideak, eta horietako bi dira Iñaki Altuna (Nuarbe, 1954) eta Xebastian Gurrutxaga (Nuarbe, 1959). Urte eta erdi tiratzen ibili ondoren, gerriko arazoek sokatira uztera eraman zuten Altuna. Tiratzeari utzi bai, baina taldea utzi ez. Inazio Subinasen eta Inazito Aizpururen ondoren, Altuna izan zen taldearen hirugarren entrenatzailea, eta azkena ere bai. "Ezin alde egin, ezin aspertu!", dio berak, umorez. Gurrutxagak, berriz, sokari tiraka eman zituen taldearen historiako 29 urteak, eta ez edonola. Loretotarren familiako sei anaia igaro ziren sokatira taldetik, eta horietako bat zen Xebastian.

Beste askok bezala, liburua osatzeko berritu dituzte azken hilabeteetan Altunak eta Gurrutxagak 2006an desagertu zen taldearen bueltako istorioak eta historia, eta gauza bera egin dute Uztarriarentzat ere. 1970eko hamarkadaren azken urteetan eta 1980koaren lehendabizikoetan, sokatira taldeak perretxikoak bailiran sortu ziren han eta hemen Urola bailaran; aparraldi hark ez zuen, ordea, asko iraun. Talde gehienak desagertzen joan ziren, baina Nuarbe ez. Nuarbek iraun egin zuen bidean; eta hazi, hazi eta hazi, beti aurrera, nazioartean puntako talde bihurtu arte. Bilakaera harrigarri horren zergatiak aletzerakoan, helburu bat betetakoan hurrengo koskari heltzeko grina aipatu du Gurrutxagak: "Gauza bat lortzen genuenean, hurrengo urtean hura hobetzera joaten ginen, eta beti gauza berrien bila. Beti onenei eta haiek egiten zutenari begiratu, eta hartara iristeko zer hobetu behar genuen, bai material aldetik, bai edozertan". Altunaren esaldi honek ondo laburtzen du taldean zuten izpiritu hori: "Ikasi beharra geneukan eta ikastea nahi genuen".

Urrea, etxean

1978an hasi zen Nuarbe sokatira taldearen ibilbidea. Sasoi hartan, ohikoa bihurtu zen herri txikietako festetan inguruko herri eta auzoetako kuadrillek sokatiran indarrak neurtzea, eta giro horretan eman zituen Nuarbek ere lehen pausoak. "Orduan jolasa zen, kirola baino gehiago: gazteak, sasoia, herri txikietan, pike sanoa... Eta ondorenean afari ederra, festa giroa", kontatu du Altunak. Gurrutxagak gogora ekarri du garai hartan herri eta auzo txikietako jaiek zuten indarra, eta orduko beste ezaugarri bat ere bai: "Herrietako gazte jende guztia, adin ezberdinetakoak, elkarrekin ateratzen ginen ondoko herrietako festetara; orain galtzen ari da hori, edo ia galduta dago. Halakoetan sortzen zen askotan elkarrekiko erronka giroa". Nuarbeko sokatira taldea ere izan zen belaunaldi arteko lotura horren erakusle. "Herri txiki-txikia, eta beti elkarrekin egoten ginenak ginen, 18 urtekoak, 14koak eta 25ekoak", dio Gurrutxagak. "Zuen tabernak [Loretonekoa} zerikusi ikaragarria izan zian. Taberna bakarra zegoen eta han elkartzen ginen beti. Honek esan duen bezala, gaztetxoak, kuadrillakoak asko, eta beti hantxe", borobildu du Altunak.

Jolas moduan hasitakoa laster hasi zen kirol itxura hartzen Nuarbeko taldean, baina kuadrilla, familia eta herri giroak ez zituzten bidean galdu. Aitzitik, sokatira taldearen indarguneen artean zeuden horiek, Altunak eta Gurrutxagak aitortu dutenez. "Familia denetatik zegoen baten bat ia, eta familia guztietan bizi zuten taldea. Taldeak bizi izugarria eman zion Nuarberi", gogoratu du Gurrutxagak. Altunak dioen bezala, "irteeretan ere herriko jende asko joaten zen taldeari babesa ematera. Denek pasatzen zuten ondo, denak ziren familia bat bezala, eta horrek ere izan zuen bere garrantzia".

Baina batasunak eta adiskidetasunak, bere horretan, ez dute sokarik mugitzen. Kuadrilla giroak indarra ematen zion talde hartan kirolerako gaitasun handia zuten gazteak elkartu zirela ezin da ahaztu. Hain herri txikian maila hartako belaunaldi bat edo bi egokitzea "suertea ere" izan zela dio Gurrutxagak; eta bat dator, neurri batean, Altuna, "parean tokatu, halakoxe kuadrilla" dioenean, azalpenetan gehiago sakonduta: “Orduan, hemengo gazte gehienek obran egiten zuten lan, edota baserrian. Egindako jendea zen. Beste tokietan ere hala izango ziren, baina...".

Urrea topatu zuen Nuarbek etxetik irten gabe, eta gainera, lehengai onari zukua ateratzen jakin zuen, dohain fisikoari tonaka jarrera gehituta. "Balio zuen jendea, eta gogoa zuena" zirela bota du Altunak, eta Gurrutxagak osatu du haren esaldia: "Prestatzeko eta entrenatzeko prestutasuna zuen jendea".

"Kanpora" joatearen lilura

"Oso ederra izan zen. Kristoren egurra hartu genuen, hori bai". Altunak horrela azaldu du Nuarbe nazioarteko txapelketa batean lehen aldiz lehiatu zenekoa, "kanpora" –hitz hori erabiltzen dute Altunak eta Gurrutxagak, nazioarteko txapelketez ari direla– irten zirenekoa. 1980an izan zen, taldea sortu eta bi urtera, Suitzan. Berde zeuden nuarbetarrak han aurkitu zituzten aurkariei aurre egiteko, eta atzean sailkatu ziren. Baina ez zitzaien joan izana damutu: "Asko gustatu zitzaigun esperientzia. Jende pila bat, egundoko antolakuntza... Egundoko indarra eman zigun giro hark, fisikoki eta kirol aldetik zehatuta gelditu arren. Atzera ez, aurrera egiteko oraindik eta indar gehiagorekin itzuli ginen". Gurrutxaga soldadutza egiten ari zen eta ezin izan zuen lehen bidaia hartan parte hartu, baina taldearen esperientzia eza agerian uzten duen pasartea ekarri du gogora, Altuna eta biak barrez direla: "Goizean pisatzera joan eta ingelesak ikusi zituztenean, denak iher-iherrak, gure Mielek [Gurrutxaga, anaia] hala esaten omen zuen: 'Hauei? Hauei mantsoagatik irabaziko zieagu!'. Baina, bai zera!".  
Nuarbekoak ikasle finak eta saiatuak izan, ordea, eta ez zuten denbora asko behar izan nazioartean ere dominak eta txapelak irabazten hasteko. 1983an lortu zuten lehen titulua: Irlandan izan zen, Europako Txapelketan, kluben arteko lehian eta 560 kiloko pisuan. Handik aurrera, askoz gehiago etorriko ziren, Europako zein Munduko txapelketetan, baita Munduko Jokoetan ere –Joko Olinpikoetan sartzen ez diren kirolen txapelketa–, kluben arteko lehian eta nazioen artekoan. Nuarbeko sokatira taldearen uzta izugarriaren begi-bistako neurria ikusgai dago Nuarben bertan, Sokatiraren Museoan. Ikusten ez denaren neurria ez zen txikiagoa izan. Nuarbek ohorezko tokia dauka sokatiraren historian, eta talde hartako partaideek gogoan iltzatzuta dituzte garai hartako bizipenak. Horien artean, nola ez, arrakasta bakoitzaren ondoren herrian egiten zizkieten harrerak; taldekideei "egundoko betealdia" ematen zien etxekoen eta herrikideen aitortza beroak.

1997an jo zuen goia Nuarbeko taldeak. Urte hartan, Munduko eta Munduko Jokoetako txapeldun izan ziren 640 kiloetan, sokatiran "errege" izan ohi den pisuan. Azken Munduko Jokoak izan ziren haiek Nuarberentzat. Twif nazioarteko sokatira federazioak jakinarazi zien aurrerantzean Espainiako ikurren pean lehiatu beharko zirela, eta ez, halamoduz egiten zuten gisan, Euskal Herriaren izenean. 2001eko jokoetan lehertu zen egoera, eta euskal ordezkariak nazioarteko txapelketatik kanpo gelditu ziren hainbat urtetan. Kanpora joatearen "pizgarririk gabe", 2006an hartu zuten "erabaki gogorrena": taldea desegitea. Behin-behineko erabakia behin betikoa izan zen, azkenean.