Jon Gurrutxagak Mintzolaren eta Mikel Laboa Katedraren proiektu saria eskuratu du

Uztarria.eus 2019ko eka. 4a, 15:16
Jon Gurrutxaga. (Jon Gurrutxaga)

Nazio-identitatea, nazio-gatazka eta diskurtsoaren bilakaera Bertsolari Txapelketa Nagusian (2001-2017) proiektuari esker eskuratu du saria azpeitiarrak. 2.000 euroko dirulaguntza jasoko du lana gauzatzeko, eta urtebete izango du horretarako.

Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996) bertsolariak Mintzola Ahozko Lantegiaren eta EHUko Mikel Laboa Katedraren sari bat jaso du. Nazio-identitatea, nazio-gatazka eta diskurtsoaren bilakaera Bertsolari Txapelketa Nagusian (2001-2017) proiektua tarteko eskuratu du saria azpeitiarrak, eta 2.000 euro eskuratuko ditu lana gauzatu ahal izateko. Gizarte aldaketek eta diskurtsoen bilakaerek bertsoetan nolako eragina izan duten aztertuko du Gurrutxagak lanean; bereziki, nazio identitatea eta gatazka aintzat hartuta. Horrez gain, gainera, nazio gatazkaren inguruko bertsoetan genero diskurtsoak zer nolako aldaketa izan duen ere ikertuko du. Azpeitiarrak urtebete izango du lana egiteko.