Ruandaren aldeko lasterketa solidarioa izango da zapatuan Sanjuandegin

Uztarria.eus 2019ko eka. 4a, 13:02
Lasterketa solidarioaren sustatzaileak Sanjuandegin.

Lasterketan edonork parte hartu ahal izango du, eta herritarrek 16:00etatik aurrera eman ahalko dute probarako izena, Jose Antonio Agirre plazan. Itsulapiko batzuk jarriko dituzte, herritarrek borondatezko ekarpenak egin ditzaten. 17:00etan hasiko dira mailaz maila egingo dituzte lasterketak. Aurretik, 16:00etan hasita, kimu eta infantil mailako txirrindulariek Mantangorri probaren bosgarren edizioa egingo dute.

Sanjuandegiko festak bukatuta, datorren zapatuan, ekainak 8, Mantangorri txirrindularitza proba eta Ruandaren aldeko lasterketa solidarioa izango dira Sanjuandegin. 16:00etatik 17:00etara egingo dute kimu eta infantil mailako txirrindulariek Mantangorri probaren bosgarren edizioa. Federatutako txirrindulariek parte hartuko dute auzoan barrena egingo duten eta Lagun Onak txirrindulari elkarteak antolatu duen lasterketan.

Ondoren hasiko da Azpeitiko kooperazio taldeak, Sanjuandegiko Festa Batzordeak eta Xeye atletismo taldeak antolatutako lasterketa solidarioa. Hainbat urtez egin zen Sanjuandegiko festetan krosa, baina haren antolatzaileek egiteko horri uztea erabaki zuten, eta herriko hiru eragile hasi ziren kutsu solidariodun lasterketa prestatzen. Orduz geroztik, urtero herrialde bat lagundu dute krosean bildutako diruarekin: lehen urtean, Nepal; bigarrenean, Sahara; hirugarrenean, Peru; laugarrenean, India; eta aurtengoan, Ruanda. Lasterka egiteaz gain, Ruandari elkartasuna adierazteko aukera izango dute parte-hartzaileek zapatuan, beraz.

Lasterketan edonork parte hartu ahal izango du, eta herritarrek 16:00etatik aurrera eman ahalko dute probarako izena, Jose Antonio Agirre plazan. Itsulapiko batzuk jarriko dituzte lasterketaren sustatzaileek, eta nahi duenak horietan borondatezko ekarpenak egin ahal izango ditu. Lehen lasterketa 17:30ean izango da, eta bertan 2014. urtean jaiotakoek parte hartuko dute; horiek helduen laguntzarekin egin beharko dute proba. Ondoren, mailaz maila egingo dituzte lasterketak. Azkena 2006-2005 urteetan jaiotakoena izango da, 18:20 aldean. Probak bukatzean txokolate beroa izango da parte hartzaile guztientzat.

Lasterketaren orduak, mailaka:

  • 2014 urtean jaiotakoak: 200 metroko ibilbidea, 17:30ean hasita.

  • 2014-2013 urteetan jaioak: 450 metro, 17:40an hasita.
  • 2012-2011 urteetan jaiotakoak: 650 metro, 17:50ean hasita.
  • 2010-2009 urteetan jaiotak: 900 metro, 18:00etan hasita.

  • 2008-2007 urteetan jaiotakoak: 1.300 metro, 18:10ean hasita.

  • 2006-2005 urteetan jaiotak: 1.300 metro, 18:20ean hasita.