Rezabal eta Albizuri omenduko dituzte Donostian, Ekain aurkitu zuteneko 50. urteurrenaren ospakizunean

Uztarria.eus 2019ko eka. 3a, 19:08
Rafael Rezabal eta Maria Jesus Arregi, Ekainberriko erreplikan.

Ostiral honetan egingo dute ekitaldia Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan hasita. Kobazuloa aurkitu zuten bi azpeitiarrei eta Antxieta arkeologia taldeari aitortza egiteaz gain, urteurrenerako prestatu dituzten dokumentala eta liburua ere aurkeztuko dituzte, besteak beste. Ekitaldirako sarrera erosten dutenek liburu berriaren ale bat ere jasoko dute.

Zapatuan, ekainaren 8an, beteko dira 50 urte Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri Katxo azpeitiarrek Ekaingo kobazuloa aurkitu zutela. Bezperan, hilaren 7an, aurkikuntzaren mende erdiaren ospakizunen ekitaldi nagusia egingo dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etatik aurrera.

Ekitaldi horren berri emateko agerraldia gaur egin dute, udaletxean, Eneko Etxeberria jarduneko alkateak eta Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkartearen idazkari nagusiak. Aranzadik, Ekain Fundazioak eta Ekainberrik antolatu dute Ekaingo aurkikuntzaren urteurrenaren egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Donostiako, Debako eta Zestoako udalen babesarekin. Ostiralekoa, esan bezala, ospakizunen hitzordu nagusia izango da, eta Ekain aurkitu zutenen omenaldiarekin itxiko dute Viktoria Eugeniako gala. Han izango dira, beraz, Rezabal eta Albizuri zenaren alarguna, Maria Jesus Arregi.

Antxietakoei gorazarre

Etxeberriaren aburuz "Euskal Herriak eman duen belaunaldi onenaren" barruan kokatu behar dira Ekaingo koba aurkitu zutenak, Francoren diktadurapeko "garai ilunetan" hainbat esparrutan gaur egungo Euskal Herriaren oinarriak jarri zituen belaunaldiaren barruan, hain zuzen. "Gerra galdu zuten gurasoen seme-alabak ziren eta Euskal Herria goitik behera aldatu zuten", esan du Etxeberriak, Rezabalen, Albizuriren eta Antxietakoen lana goratuz. "Herriaren alde lana" egiteko zuten nahia eta grina ere aipatu ditu. Albizuri zena hizpide hartuta, haren bizitzak "liburu bat merezi" duela nabarmendu du: "Hura ezagutzeko plazera izan nuen. Hainbat alditan atxilotua, torturatua, asko sufritu zuen pertsona bat izan zen, baina beti aurrera egin zuena. Bere izena eta Rafaelena, zorionez, Euskal Herriko historian urrezko letretan kokatuta daude".

Ekaingoa "Euskal Herrian egin den Historiaurreko aurkikuntza inportanteena" dela gogoratu ondoren, kobazuloa "Azpeitiko kultur dinamikari esker aurkitu" zutela nabarmendu du Agirrek, eta horrek ere goraipatu ditu Rezabalen eta Albizuriren jarduna, ikerlari sena eta "jakinduria", aurkitutakoa "komunitate zientifikoaren eskuetan" jartzean erakutsi zutena, besteak beste. "Geroztik, kobazuloa beti egon da itxita, zainduta, eta egoera ezin hobean dago", azaldu du Agirrek.

Sarrerarekin, liburua

Azpeitiarren aitortzarekin bukatuko da Viktoria Eugeniako ekitaldia. Aurretik, 50. urteurrena ospatzeko osatu duten 20 minutuko dokumentala aurkeztuko dute –hor ere jaso dituzte Antxietakoen lekukotzak–, eta musika eta dantza ere ez dira faltako. Ekaingo kobazuloan bizi ziren gizakien bizimodua oholtzara eramango dute, "modu sinbolikoan", Tanya Tagaq abeslari inuitak, Dantzaz konpainiak, Donostiako Orfeoi Gazteak, Ainhoa Aierbe aktoreak eta Xabier Anuntzibai margolariak.

Agirrek eta Etxeberriak azpeitiarrak eta eskualdeko bizilagunak ostiraleko ekitaldira joatera gonbidatu dituzte. Sarrerak 12 eurotan eros daitezke, Interneten edo leihatilan. Sarrerarekin batera, Ekaingo aurkikuntzari eskainitako liburu monografiko berria jasoko dute ikus-entzuleek.