Enpresen lege arloari buruzko ikastaroa izango da ekainean Basazabalen

Uztarria.eus 2019ko mai. 29a, 14:47
Basazabalen egindako formazio saio bateko irudia.

Enpresen lege arloak, oinarrizko esparru juridikoa izenburupean, ikastaro bat emango dute Basazabal jauregian ekainaren 7an eta 14an; David Fernandez de Retana Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatuko du ikastaroa.

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako ikastaro bat izango da ekainaren 7an eta 14an Basazabal jauregian, 09:00etatik 14:00etara bitartean. David Fernandez de Retana Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide eta Ekonomia Enpresen Zientzien fakultateko irakasleak gidatuko du formakuntza saioa, eta enpresen lege arloetan sakontzeko interesa duen orok eman ahalko du izena. Negozioak esparru juridiko bati lotuta daude, eta esparru hori ondo ulertu eta zuzen aplikatzeko esparru horretan hartzen diren erabakiek zer ondorio dakartzaten ezagutu behar da; ikastaro honetan enpresa mota nagusiak aztertuko dira, enpresa bat eratzeko lege prozesua zein den ikasiko da, eta zein diren edozein enpresa erakundek dituen betebehar juridikoak. 

Basazabalen bertan eman daiteke izena, edo formazioabasazabal@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 688 845 118 telefonora deituta; ekainaren 5a izango da izena emateko azken eguna. Azpeitian erroldatutakoek 6,75 euro ordaindu beharko dute formakuntza saioa eta gainontzekoek 8,10 euro. Ikastaroa ordaintzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat laguntza eskaintzen du Udalak, eta matrikulatzeko garaian eskatu ahal izango dute interesatuek xehetasun gehiago.